"Ez dago amaiera polita duen maitasun harremanik, izan bikote, lagun..."

Pausa, horrela izendatzen zuen Mia-k, Siri Hustvedt-en El verano sin hombres laneko protagonistak, bere bikotearekin harremana etetea ekarri zuen pertsona. Harremanak edozein motatakoak direla ere, amaitu egiten dira. Ez dago amaiera polita duen maitasun harremanik, izan bikote, lagun, familia… izan ere, erlazioak amaiera badu, ez da polita izango, eta bestela, ez da amaierarik iritsiko.

Aldaketek beldurra sentiarazten digute, ezagutzen duguna atzean utzi eta ezezagunean galtzeak ikaratu egiten gaitu. Baina batzuetan, gelditu eta hausnarketa egiteko gai garenean, jarraitu duzun ibilbideari erreparatu eta, egindako hori zurea duzun edo zutaz espero zutena ote den galdetzen diozu zeure buruari. Eta galdera horiek buruan dituzula… hilabeteak pasatzen dituzu, balantzaren alde batean bizitza berri bati ekiteko nahia duzula eta bestean berriz, sentitzen duzun izua. Pausan zaude, pausan nago.

Horrela egotearen arrazoietako bat, seme-alabak izaten dira, beraiek baitira azken finean gehien maite ditugunak eta… min emateak beldurra sortarazten du. Baina gazteagoak izateak, ez du esan nahi ez dutela guk adina baliabide, haratago, esango nuke nagusiagoak garenak baino adimen emozional haundiagoa dutela. Eta horrela erakutsi didate etxean. Bizirik egotea zer den erakutsi didate. Bizitza bizi egin behar dela. Ez garela konformistak izan behar. Alderantziz uste dugun arren, umeak dira gure maisuak. 

Honaino iritsi eta pausan zaudelakoan bazaude, galtzen duzunari begiratu beharrean, irabaz dezakezunari erreparatzeko esango nizuke. Horrela, seme-alabei konformista izatea ez dela bidea erakutsiz; beraien ilusio eta ametsengatik borrokatzeko bezain ausartak izan daitezen, gaizki iruditzen zaienaren aurka borrokatzeko gai izan daitezen… M. L. King-ek esandako modura “herrien tragediarik haundiena ez da gobernu autoritarioaren garrasia, jendearen ixiltasuna baizik”. Erakutsi diezaiegun gure ondorengoei, beraz, ausartak izaten; beharrezkoa denean pausa egin, geratu eta ikasitakoa desikasteko prest azaltzen, mundua aldatzen. Eraldaketa norberaren mundua aldatzetik hasten baita.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide