"Ardura sumatzen zen, egonezina; hala adierazten zuten irakurleen iruzkinek".

 

Iraila, bederatzigarren hilabetea, asmo berrien hilabetea, ilusio berrien hilabetea, ikasturte berriaren hilabetea… irailean asko izaten dira han eta hemen aurkitzen ditugun berrikuntzak, baina nago oraindik berritu ez diren beste hainbat istorio daudela gurean.

Bada, joan den ostiralean, EAEn 2017/2018 ikasturteko datuetan oinarritzen zen El castellano, en peligro de extinción en las escuelas vascas titularra zeraman albistea irakurri nuen. Bertan, ardura sumatzen zen, egonezina, eta hala adierazten zuten beltzez markaturiko hitzek eta irakurleen iruzkinek.  

Jendearen kezkaz jabetuta, Euskadiko datuetara jo nuen eta Arabako matrikulei erreparatu nien. Hala, D ereduak azken sei urteetan probintzia horretan izan duen gorakada nabarmena izan dela egiaztatu nuen. Haur Hezkuntzan esaterako, hizkuntza-eredu hori %55etik %63raino igo da. Lehen Hezkuntzan ere gora egin du, %46tik ia %55era igoaz, eta DBHn, joera berari jarraiki, aurreko ikasturtean %50eko mugan geratu zen.

Horiek horrela, nire irakurketa guztiz bestelakoa da, positiboa, alegia. Ez naiz arabarra, baina Gasteizen lan egiten dut, eta nabari dudana ez da desagertzear dagoen hizkuntza bat, berpizten ari den beste bat baizik. Elebidunok elkarrekin biziraun eta aurrera egiteko arazorik ez duten bi ele daramatzagu barnean, batek ez du bestea kentzen. Beraz, Zorionak Araba eta arabarrak, D eredua baita elebidunak lortzeko bidea!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide