Ez naiz Cervantes

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Urrutia 2017ko api. 9a, 12:00

"'Euskaraz bizi nahi dut' soinean eramatearekin ez da nahikoa, lema hori egia bihurtu behar dugu".

Ez dago gehiegi begiratu beharrik hizkuntza ereduekin ezer gutxi lortu dela ikusteko. Ez diot ezertarako ez dutela balio izan, eta xahutu diren baliabideek, inoiz, ez dutela fruiturik eman. Baina argi dago herrialde elebidunean bizi garela diogun arren, praktikan ez garela bi hizkuntza ondo dakizkien gizartean bizi. Tamalez, ez kasu gehienetan behintzat. Elebidunak badira noski, baina normalean elebidun erreal horiek ama hizkuntza euskara dutenak dira, ni neu adibidez. Neure burua guztiz elebiduntzat daukat, euskara badakit, baita gaztelania ere. Ziur nago batek baino gehiagok pentsatuko duela ama hizkuntza euskara izanda, ez dela harritzeko gauza, tipikoa dela, alegia. Horiei guztiei, beraz, ondorengo galdera botako nieke: zergatik ez da berdina gertatzen alderantzizko kasuetan? Zergatik kostatzen zaio EAEn jaio eta ama hizkuntza gaztelania duenari euskara jakitea? Nik argi daukat erantzuna: euskara ez da beharrezkoa.   

Neure esperientziatik abiatuta, esango dizuet gaztelaniarekin izan nuen lehendabiziko kontaktua 8 urterekin izan zela, Lengua Castellanako klasean eta Sor Isabel mojarekin, hain zuzen. Egun hartako bazkalorduan, hauxe galdetu nion amari: ama, zer da mesa? Argi dago galdera hori botatzeko ni eta gaztelaniaren arteko erlazioa ez zela existitzen, nire inguruan ez nuen gaztelania ezertarako ere behar izan, baina OHOko 2. mailara iristean gaztelaniako liburua ere hor neukan, zain, irakasteko prest. Eta ni ikasteko prest nengoen, baita gizartea ere, eta nola ez sistema: erdara gabe kanpoan geratzen zara! Eta ni, ez nengoen kanporatua izateko gertu. Ez ni, ez nire gurasoak, ez eskola, ez ingurua, ezta gizartea ere.

Hau horrela ikusita, ikasketa curriculumeko irakasgai bakarrarekin hizkuntza bat jakitea posiblea dela argi geratu da eta adibide gisa neure burua biluztu dizuet. Ez naiz Cervantes, ez, baina gaztelania badakidalakoan nago. Orduan … zer da euskararekin gertatzen dena? Garbiñe Petriati Ijurraren esanetan, euskara toleratua da, baina bizitza administratiboa, ekonomikoa eta soziala erdaraz da nagusi. Euskararen alde asko egin da, asko eraiki da, baina alde egote horrek bakarrik ez dakar aldaketa soziala eta eraldaketa beharrezkoa da. Berak dioenez, aurrera begirako bidean hitz gakoa praktika da.

Horrenbestez, euskaraz bizi nahi dut soinean eramatearekin ez da nahikoa, soinean daramagun lema hori egia bihurtu behar dugu eta horretarako ingurua aldatu behar dugu, baita gure pentsamendua ere. Euskaraz bizi nahi izatearekin bakarrik ez dugu nahikoa, hori errealitate bilakatzeko euskal hiztunak ez direnen beharra ere badaukagu. Elkar ulertzea derrigorra dugu elkarrekin bizitzeko, eta oinarrizkoa da besteak hitz egiten duen hizkuntza ulertzea. Beraz, gure hizkuntzan bizitzeko trabak azaltzen zaizkigunean, besteari euskara emateko prest gaudela azaldu behar dugu, ikuspuntu positibo batetik eta bestearen tarteko lorpenak txalotuz, lotsak eta konplexuak alde batera utz ditzan eta euskara gozatzeko beharra senti dezan. Hots, praktikatu dezan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago