Fabian Hernandez

"Espero dut semearen heriotzak balio izatea Laudion osasun sistema publikoarekin dauden arazoak konpontzeko"

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru 2024ko urt. 18a, 18:13
Fabian Hernandez, astearteko elkarretaratzean. Argazkia: Aiaraldea ataria.

Fabian Hernandez Laudioko anbulatorioan ostiralean zendutako David Hernandez 42 urteko gizonezkoaren aita da eta gertatutakoren inguruan mintzatu da, baita jarriko duten salaketari buruz ere.

Lehenik eta behin, nola zaudete?

Minduta, nahiko minduta familia osoa. Ez genuen espero, ez guk ez inork, herriak erakutsi duen moduan. Beti egongo gara eskertuta herriak izan duen erantzunarekin. Espero dugu hau berriro ez gertatzea, Administrazioak egin behar du zerbait ez errepikatzeko. 

18.000 biztanleko herri batean horrelako gertakarietara heldu beharra jendea kalera ateratzeko eta Administrazioak behingoz esku hartu dezan... 

Medikuak eta erizainak profesionalak dira eta ez dute inolako errurik. Ezin ditugu medikuak eta erizainak errudun bilakatu, eurek ez dute errua, Administrazioaren ardura da, ez dituelako bitartekoak jarri.

"Ezin ditugu medikuak eta erizainak errudun bilakatu, eurek ez dute errua, Administrazioaren ardura da, ez dituelako bitartekoak jarri"

Nik ez dakit Daviden heriotza prebenitu ahal zen edo ez. Agian bihotzekoak ez zuen konponbiderik, baina arazoa da Administrazioak zer egin duen orain arte. Zergatik zeuden bi erizain eta ez mediku bat? Zergatik ez dago Amurrion, Aiaran, Laudion, Orozkon... mediku bat? 

Anbulatorio batek medikua izan beharko luke beti, gutxienez, larrialdiei aurre egiteko. Horrela izan beharko litzateke, baina Administrazioak ez du ezer egiten. Ez hemen, ez Salamancan. Han bizi gara erretiroa hartu genuenetik eta ia bera gertatzen da.

Osasun sistema publikoak okerrera egiten du. 1980ko edo 1990eko hamarkadetan etortzen zinen anbulatoriora eta medikuak zeuden. Berdin zuen gaueko ordubiak edo hirurak, bazegoen medikua, nahiz eta zure bizitzaren alde egiteko tarterik ez izan. Hala eta guztiz ere, bazegoen medikua eta berak erabakitzen zuen ospitalera bidali edo ez. 

 

Aiaraldea hedabideak argitaratu du elkarrizketa eta Creative Commons by-sa lizentziari esker zati bat ekarri dugu ALEAra. Aitor Aspururen jatorrizko elkarrizketa hemen duzu ikusgai.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide