Ukrainara materiala bidaltzeko furgoneta bat bete dute Laudion

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Aspuru 2022ko mar. 11a, 11:00

Latiorroko Guraso Elkarteak eta Mimitos dendak bildu dute materiala eta bi boluntariok gidatuko dute ibilgailua Poloniaraino.

Ukraina-Euskadi elkartearen deiari erantzunda, Latiorroko Guraso Elkarteak eta Mimitos dendak material bilketa egin dute, laguntza bideratzeko gerran dagoen herrialdera. Gaur bertan sartu dute dena furgoneta batean eta ahalik eta lasterren, zenbait baimen eskuratu ostean, abiatuko da ibilgailua Poloniarantz.

Bidaiaren gastuak bere gain hartuko ditu Laudioko Udalak -furgonetaren alokairua, besteak beste- eta herriko bi boluntariok -udal langile ohiak biak- gidatuko dute ibilgailua. 2.600 kilometroko bidea egin beharko dute Europako ekialderantz eta, jakinarazi dietenez, -10 graduko tenperaturak, izotza eta elurra topatuko dute bidean. Hori dela medio, neguko gurpilak jarriko dizkiote furgonetari bihar bertan.

Josune Rodriguez Latiorroko Guraso Elkarteko kideak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari mantak, janaria eta lo sakuak bidaliko dituztela, gehienbat. Esku-argiak eta poxpoloak ere gehitu dituzte. Atzo eta gaur artean jasotakoa sailkatu dute eta ukrainarrez idatzitako kartel txikiak erantsi dizkiete, hango boluntarioek jakin dezaten nola kudeatu. Arropa baztertu dute, dena ez zelako sartzen furgonetan eta artikulu horiek ez dutelako lehentasunik.

Momentuz, Ukraina-Euskadi elkarteak bilketak eten ditu, garraioa bermatzeko arazoak baititu. Horrez gain, jasotako guztia sailkatu behar dute. Guraso Elkarteak eta Mimitos dendako jabeak adierazi dute kanpaina berria egonez gero, parte hartuko dutela. Halaber, eskerrak eman dizkiote ekarpenak egin dituen jende orori.

Albiste hau AIARALDEAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide