27.500 euroko isunarekin zigortu nahi du Javier de Andresek zuzentzen duen erakundeak Natxo Urkixo alkatea. Carlos Urquijoren ordezkoak uste du Laudion ez dela ikurren legeari lotutako 2015eko epaia betetzen, eta horregatik 1.500 euroko hileko isuna ezarri nahi dio.
Epaitegiak erabaki beharko du Laudioko Udaletxean epaia bete den. Izan ere, Espainiako ikurrarekin batera, hainbat ikur jarri zuten (Saharakoa eta Eskoziako, besteak beste).
"Estortsioa"
Laudioko EH Bilduk "estortsiotzat" jo du Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren jarrera. Jon Ander Altube bozeramaileak adierazi du alkatearen kontrako xantaia ekonomikoa dela eta nabarmendu du Laudio jazartzen ari direla. Gogora ekarri du herriko jaiei buruzko herri galdeketaren aurkako helegitea ere jarri zutela.
Dagoeneko helegitea jarri du Udalak ordezkaritzaren eskaeraren aurka. Hala ere, erantzun bateratua adosteko udal taldeen bozeramaile batzordea deitu dute, guztien artean adierazpena egiteko.