Laudioko Udalak ez dio helegitea aurkeztuko amiantoagatik hildako Kepa Galdosen familiaren aldeko epaiari. Jon Ander Altube alkateordeak adierazi du "positiboki" baloratzen dutela sententzia, orain arte ez zegoen "oinarri juridiko bat zehazten duelako".
Alkateordeak azaldu du bide administratibotik joanda ez zela posible bere garaian gobernu batzordean hartu zen erabakitik harago joatea, eta udal osoko bilkurari ere ez zegokiola kalte ordainen zenbatekoa zehaztea. Hori dela eta, epaia irmoa izatea erraztuko du udal gobernuak, "dagokion terminoetan aplikatuta".
Kepa Galdos udal langilearen senideek Laudioko Udalaren aurka bultzatutako epaiketaren sententzia hilaren 15ean jakin zen. Epaiak zehazten du Udalak 133.806 euro eman beharko dizkiola amiantoagatik hildako Galdos langilearen familiari. Hala, amiantoa dela eta zigortu duten Hego Euskal Herriko lehen Udala da Laudiokoa.
Epaiaren arabera, Galdos amiantoak eragindako mesotelioma baten ondorioz hil egin zen, hots, birikietako minbiziagatik. Hortaz gain, sententziak dio langilea amiantodun materialekin aritu zela lanean Laudioko Udalarentzat hainbat urtez, "inolako babes neurririk hartu gabe".
Udal langileek ez zekiten esku artean zituzten materialak amiantozkoak zirenik ere, eta arnasten zuten hautsa "hauts normala" zela uste zuten, sententzian azaltzen denez. "Udalak ez zien langileei inoiz eman horren gaineko informaziorik, eta horregatik ez zuten inoiz babes neurririk hartu".
Familia, baztertuta
Urriaren 4an izan zen epaiketa. Hasiera batean ekainaren 13an zen egitekoa, baina lau hilabetez atzeratu zen Udalaren abokatuak argudiatu zuelako lan-arloko epaitegiak ez zuela horretarako eskumenik, eta fiskalaren txostena falta zela. Familiak behin baino gehiagotan salatu du baztertuak sentitu direla udal gobernuaren partetik.
Omniaren kritikak
Sententzia jakin ostean, Omniak oharra plazaratu zuen gaiari buruz. Udal talde politikoak bere babesa helarazi nahi izan dio Galdosen familiari, eta gogor kritikatu du udal gobernuak prozesu osoan zehar izan duen jarrera. "Ez dira gai izan enpatia izan eta udal gisa zuten erantzukizuna euren gain hartzeko". Hori dela eta, Udalak orain eman beharko duen diru kopurua "askoz handiagoa" izango dela salatu du Omniak, "denon artean ordainduko duguna".