Aiaraldeko airearen kalitateak ez ditu osasun gomendioak betetzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016ko eka. 30a, 14:39

Eskualdeko aireak ez ditu betetzen Osasunaren Mundu Erakundeak finkatzen dituen gutxieneko irizpideak.

Ecologistas en Accion taldeak txostena osatu du Espainiako aire kalitateari buruz, eta aipamen berezia izan du Aiaraldeak bertan. Izan ere, eskualdeko aireak ez ditu betetzen Osasunaren Mundu Erakundeak finkatzen dituen gutxieneko irizpideak, 10 mikra baino gutxiagoko tamaina dauzkaten partikulen mugak gainditzen ditu eta.

Partikulak sortzen diren gunetik gertu mantentzen dira gehienetan, baina haizeak mugitu ditzake. Eskualdeko kutsadura iturriak diesel motordun autoak eta lantegiak dira. Miguel Ceballos ekologista eta txostenaren egileak aipatu du Aiaraldean 15 enpresa daudela erroldatuta Iturri Kutsatzaileen Estatuko Erregistroan, gehienak metalurgikoak edo beira ekoizten dutenak.

Adituak argitu du Osasunaren Mundu Erakundeak kantzerigenotzat jo dituela partikulak -birikietako minbizira lotuta-, eta bereziki arriskutsuak direla emakume haurdunen, umeen, nagusien eta arnas aparatuan eta bihotzean gaixotasunak dituztenentzat. Bestalde, partikula hauek harremana dute arnas eta bihotzeko eritasunekin eta alergiekin.

Berez, Osasunaren Mundu Erakundeak iradokitzen du gehienez urtean 3 egunez gailendu behar direla 50 mikrogramoko metro kubikoko neurketak eta, guztira, urtean 13 egunez hautsi da muga hori Aiaraldean. Are gehiago, nazioarteko erakundearen ustez, gehienez 20 mikrogramoko batezbestekoa jazo behar da urtean zehar, eta eskualdean 25 mikrogramokoa da media hori; hau da, %25 gehiago.

Lege malguegia

Ceballosek salatu duenez legedia gero eta malguagoa da airea kutsatzen dutenekin. Zentzu horretan, zientzialariak erantsi du neurketak egiteko erabiltzen diren metodoak ez direla ohikoak, eta emaitzak zalantzan jartzeko modukoak direla. Antza, Euskal Autonomia Erkidegoko tresnek ez dituzte jasotzen partikula arriskutsuenak: 2,5 mikrako tamainara ez direnak heltzen eta, hots, heriotzarekin eta gaixotasunekin harreman handiena dutenak.

Hori gutxi balitz, ez da araudiak eskatzen duena betetzen: datuak ez dira urteko egunen % 90an biltzen.

Ikerlariak nabarmendu du partikulen kutsadurak datu kezkagarriak eragiten dituela. Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz, Espainiako Estatuan 25.000 pertsona hiltzen dira urtero kutsadura horren eraginez eta, horrez gain, 32.000 milioi euroko gastua suposatzen dute esparru sanitarioan airearen kutsadurak eragindako gaitzek; barne-produktu gordinaren % 2,8, alegia.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago