alea.eus

Amiantoa, Laudioko Udalean eta kalean giroa nahastu duen osagaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016-06-11 06:03

Petralduta dago azkenaldian Laudioko udal talde politikoen arteko giroa. Arrazoia: amiantoaren eraginez hil zen Kepa Galdosen auzia. 

Udal langile ohia 2012. urtean hil zen pleuran izandako minbiziaren ondorioz. Haren senideen aburuz, amiantoak eragin zuen gaixotasuna, osagai horrek soilik sortzen baitu mesotelioma pleurala. Uste dute lanean amiantoa erabiltzeagatik sufritu zuela minbizia; izan ere, beharginak ez zekien osagai horrekin lan egiten zuela ezta bere arriskuak zeintzuk ziren. Hori dela eta, amiantoak Galdos hil zuela aitortzeko eskatu diote senideek Udalari.

Epaiketa, ekainaren 13an
Astelehenean, ekainaren 13an, epaiketa izango dute zendutakoaren senideek eta erakundeak berak. Udalari ardura bere gain hartzea ez ezik, neurriak ere har ditzan exijitu dio familiak, amiantoa baitago oraindik udal azpiegituretan.  

Epaiketa baino lehen senideek mozioa aurkeztu zuten maiatzeko udal osoko bilkuran eztabaidatu zezaten. Udalak amiantoak Galdos hil zuela aitor  zezan eskatzen zen horretan, eta aldi berean, erakundeak ardura bere gain hartzea.

Baina, maiatzaren 30eko osoko bilkuran ez zuten testua landu. Bertan agerian geratu zen zenbait alderdiren arteko tentsioa.Omnia eta PSE-EE alderdiek mozio bateratua sinatu zuten horren bueltan. Testuan salatu zuten alkateak betoa jarri zuela Galdosen familiaren mozioa ri eta EH Bilduri leporatu zioten adierazpen askatasuna urratzea. Udal gobernu taldeak, ordea, azaldu zuen ez diola uko egin senideekin eztabaidatzeari. Horregatik, udal taldeen bozeramaile batzorde monografikoa deitu zuten joan den ostiralean.

Familia baztertua
Egun horretan, Udalaren jarrera salatzeko elkarretaratzea egin zuten udaletxe parean, eta batzarrean ere parte hartu zuten. Udalaren partetik familia baztertua sentitzen dela salatu zuen bertan.

Horren harira, Galdosen alargun Pili Gabasek salatu zuen Udalaren partetik gaizki tratatuak sentitu direla. Kepa Galdos orain dela hiru urte hil zela gogoratu zuen eta urte horretako abuztuan bilera izan zutela udal ordezkariekin: "Esan ziguten beraiek ez zutela trabarik jarriko eta lasai geratu ginen. Hiru urte pasa eta aurtengo apirilean deitu ziguten bilera egiteko. Ez ginen ados jarri, eta azkenean ez genuen batzarrik egin. Erresoluzioa ezezkoa zela esan nahi ziguten horretan. Ez gara haserretu ezezkoagatik, gauzak txarto eta berandu egin direlako baizik. Familia tratatzeko moduarekin ez gaude ados". Gabasek jakinarazi zuen horregatik erabaki zutela Udalean mozioa aurkeztea: "Horren eztabaida atzera bota zutenean ez genuen ezer ulertzen. Konfiantza osoa genuen udal talde honetan".

Egun berean, EH Bilduko zinegotzi  Iñigo Martinez Cerrillok  salatu zuen azken asteotan EH Bilduri buruz asko hitz egin bada ere, "oso gutxi" egin dela berba amiantoaren inguruan: "Udal gobernuarentzat langileak, horrelako elkarteak eta senideak inoiz ez dira etsaiak izango. Amiantoa bera da gure etsaia. Betoez berba egin da, baina ez amiantoaz". Galdosen familiari elkartasuna ere helarazi zion, eta, amiantoaren kontra lanean jarraituko dutela aipatu zuen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa