Iritzia

Hiretu Hiriaren galan, ez bereziki 'harro herri'

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Mitxelenako tutoreak 2024ko mar. 21a, 18:38
'Hiretu hiria' egitasmoko irabazleak. Argazkia: Gasteizko Udala

Udalaren ekimena izanda, ez zitzaion euskararen erabilerari lehentasuna eman, eta gaiarekin oso kezkatuta gaude

Hiretu Hiria Gasteizko Udalak, besteak beste, ikastetxeei eskaintzen dien hezkuntza programa da, gazteriaren parte hartze aktiboa sustatu nahi duena.

Gure institutuak izena eman zuen Komunitateari Proiektua deritzon ikasgai berrian jorratzeko asmoz. Ekimenak hainbat helburu lantzeko aukera ematen du, hala nola, taldearen kohesioa, sormena eta ekintzailetza bultzatzea. 

Hainbat hilabetetan, DBHko bigarren zikloko ikasgela bakoitzak zenbait proiektu diseinatu du tutore eta dinamizatzaile adituen laguntzaz, lehiaketa batean parte hartzeko. Sari banaketarako gala bat antolatu zen asteartean, martxoaren 19an, Europa jauregian; eta bertan gazteentzako programazio aberatsa eskaini zen.

Atsekabea eta haserrea eragin digu galan udalak eskaini zuen sari banaketak

Tamalez, udalaren ekimena izanda, ez zitzaion euskararen erabilerari lehentasuna eman, eta gaiarekin oso kezkatuta gaude. Gaur egungo gizartearen aniztasuna kontuan hartzen badugu, Euskal Kulturaren transmisioa hezkuntzan bermatu nahi dugu. Gure institutuan ildo nagusietako bat da ikasleen euskararekiko atxikimendua sustatzea eta bermatzea. Irakasleok, behintzat, egunero saiatzen gara euskara maite dugula islatzen eta erabiltzen. Gainera, maiatzaren 30eko 77/2023 Dekretuaren lehenengo eranskinak ere ikasleen irteera profilean zehazten du "euskara erabilera eta euskal kulturarekiko jakin-mina garatzea". Beraz, ikastetxeko ekintza osagarriek bat egin beharko lukete adierazitakoarekin, baita ikasleen errealitearekin ere. Gauzak horrela, atsekabea eta haserrea eragin digu galan udalak eskaini zuen sari banaketak. 

Zoritxarrez, Harro herri Korrikaren lelopean hiria zeharkatu genuen bezperan, kilometroetako bat Gasteizko Udalak erosi zuen. Hizkuntzak hiztunekin ere aberasten direla dio aurtengo kantak. Kontrajarria iruditzen zaigu, aldiz, udaleko hezkuntza programa bateko galan alkateak hitzaurrea nagusiki gazteleraz egin izana. Hala ere, adierazi nahi dugu eguerdiko entseguan euskara izan zela nagusi, aurkezlea A ereduko ikastetxeko ikaslearengana zuzendu zen momentuan izan ezik. Jakin badakigu gala elebiduna izan behar dela, baina ikastetxe gehienak B edo D eredukoak direnez, euskararen erabileraren proportzioa bete beharko litzateke, hala xedatzen baitu Euskararen Erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Legeak.

Egia esan, gazteek ongi pasa zuten eta pozik geratu ziren, bai sari banaketarekin bai programazioarekin. Baina atzokoa ez zaigu iruditzen Harro Herri egotekoa denik. 

Koldo Mitxelenako Hiretu Hiria programako partaideen tutoreak

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide