Habitatak lehengoratuz lurraldea erresilienteago eta oparoago bilakatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra 2024ko mar. 1a, 16:23

Baso irregularrak mantentzeko kudeaketa dinamikoa eta aktiboa bermatu behar da, beti ere naturaltasun elementuak basoan mantenduz. Argazkia: GIPUZKOA ETA ARABAKO PARTZUERGO OROKORRA

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrak hobekuntza ekologikorako proiektu berri bat amaitu berri du administratzen dituen mendietan, Aizkorri-Aratz Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean. Larrialdi klimatikoari erantzuteko egokitzapen-planaren markoan burutu dira lan hauek, eta Eusko Jaurlaritzak zein Eskualde Garapenerako Europako Funtsak kofinantziatu dute errestaurazio proiektu hau.

Lan hauei esker, egoera desegokian dauden habitatak errestauratzeko pauso garrantzitsuak eman dira Partzuergoko mendietan. Burutu diren interbentzio zientifiko-teknikoek ekosistema naturalen funtzionaltasun ekologikoa lehengoratzea eta indartzea ekarriko dute, negutegi efektuak sortzen dituzten gasak biltegiratzeko ahalmena handituz eta aldaketa klimatikoaren efektuak arintzeko beharrei erantzunez. Modu honetan, Partzuergo Orokorrak jarraipena eman nahi izan dio azken urteetan habitat naturalak lehengoratzeko habian duen estrategiari.

Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrean basoetako aprobetxamenduek garrantzia handia izan dute historian zehar. Basoek Partzuergoko administrazio guztiaren %70 baino gehiago estaltzen dute (2.268 ha), eta horietako baso mota batek, pagadi azidofilo atlantiarrek, azalera guztiaren ia %50-a estaltzen dute. Habitat mota hau, gaur egun kontserbazio-egoera desegokian aurkitzen dena, Batasunerako Intereseko Habitata bezala dago katalogatuta 92/43/CEE Europako Habitat Zuzentarauaren arabera. Zuzentarau honek, Natura 2000 sarearen barnean integratuta dauden esparru natural babestuetan Batasunerako Intereseko Habitat naturalak kontserbazio-egoera egokian mantendu, prozesu natural gehienak bermatu, eta egoera desegokian dauden habitatak lehengoratzeko estrategiak lehenesten ditu eskualde garapenerako politiketan, bai eta katalogatutako espezieak ere, autonomia-erkidegoko, estatuko edota Europako araudiak babestuta.

Basoek kalitatezko zura ekoizteaz gain karbono kopuru handiak kentzen dituzte atmosferatik. Argazkia A. MONTES

Basoetako erabilera multifuntzionala indartuz

Duela gutxi rarte Partzuergoko baso-naturalek, Euskal Autonomia Erkidegoko beste hainbat eremu naturaletan bezala, aprobetxamendu intentsoak jasan dituzte, batez ere ikatza edota egur-sortak ekoizteko helburuarekin. Bertako komunitateen demanda energetikoa asetzeko nahitaezko baliabidea izan zen pagoaren egurra iragan hurbilean, elikagaiak kozinatu ahal izateko edota etxebizitzak berotu ahal izateko erabiltzen baitzen, besteak beste. Horretarako, zuhaizti asko mozketa gogorren bitartez maneiatzen ziren, eta beraz gaur egun heredatu ditugun zuhaiztiak nahiko gazteak eta homogeneoak dira orokorrean, tamaina handiko zuhaitzen eta zuhaitz zaharren errepresentazioa txikia da bertan eta hildako egurraren presentzia orokorrean desegokia da, basoetako espezie hertsientzat beharrezko errekurtso mugatuak izanik. Gainera, basoetako tratamendu tradizionalak galtzen ari dira progresiboki gizartea eraldatzen doan bitartean, eta errealitate honek baso-egitura ideala mantentzeko zailtasunak sortzen ditu, hau da, baso irregularrak. 

Hildako egurrari dagokionez, elementu honek organismo mota askori habitat egokia eskaintzen diote. Esaterako onddoei, goroldioei, likenei, ornogabeei, anfibioei, hegaztiei eta ugaztunei ere. Estimatzen da basoetako bizidun guztien bi herenak hildako egur lodiaren dependentzia duela momenturen batean bizi-zikloa osatzeko. Elementu ekologiko hau gakoa da basoaren funtzionaltasun ekologiko egokia bermatzeko. Aldiz, Europako pagadietan zehar hilzorian edota hilda dauden zuhaitzak erretiratu egin izan dira. Ondorioz, gertatu diren egur hilaren murrizpenek aipatu diren izaki bizidun anitzen populazioak nabarmen murriztea ekarri izan du, baita tokiko eta eskualdeko desagertzeak ere. Espezie horien guztien elkarreraginen mende daude basoak, behar bezala funtziona dezaten eta baita ere disfruta ditzakegun baso-zerbitzuak eta ondasunak luzaroan bermatzeko.

Onddo preziatuen produktibitatea mesedetzen da basoan hildako egurra eta argiaren sarrera bermatzen direnean ohianpera. Argazkia A. MONTES

Baso-irregular produktibo eta helduak sortzeko, biodibertsitatean aberatsak, ekonomikoki eta ekologikoki iraunkorrak, adin klase guztien errepresentaziodunak eta basoetako interes ekologikodun elementuak luzaroan eskeintzen dituztenak (zuhaitz zaharrak eta hildako egurra, besteak beste) intentsitate ezberdinetako baso tratamenduak aplikatzea eta basoak maneiatzea ezinbestekoa da, beti ere basoaren egitura ideala mantentzera bideratuta. Soilik era honetan kontziliatu daiteke basoaren erabilera eta biodibertsitatearen zein gainontzeko zerbitzu ekosistemiko esentzial guztien babesa eta hornidura.

Definitu diren arazoei irtenbidea emateko, Partzuergoko pagadi azidofilo atlantiarren 57 hektarea errestauratu eta basoaren heldutasuna eta konplexutasuna induzitzeko hainbat baso-tratamendu aplikatu dira. Lehenik, tamaina ertaineko pagoen eraztunketak burutu dira. Tratamendu honek xilemako izerdiaren fluxua eten eta zuhaitzak ahuldu edota hiltzen ditu, baina zutik geratzen dira lurrera erori gabe. Sakrifikatu diren zuhaitz hauek izugarrizko garrantzia izango dute  basoetako biodibertsitatea sustatzeko eta karbono hustulekuak emendatzeko orduan. Besteak beste, eraztundutako zuhaitz hauen enborretan sortzen joango diren arrakala eta barrunbeek babesleku eta elikadura oferta areagotuko dute basoetako espezie gehienentzat, eta neurri honek orokorrean komunitate biologikoak behar bezala egituratzea eragingo du. 

Horretaz gain, eraztunketa metodoa baliatuta “lehortu” diren zuhaitz hauek konpetentzia murriztuko dute basoetako zuhaitzen artean, batez ere adinkideak diren zuhaiztietan, eta honek basoaren produktibitatea emendatzea ekarriko du. Alde batetik zuraren ekoizpena mesedetuko du, eta baita eguzkia zein egur hilaren dependentzia duen beste produktu preziatu batzuek ere bestetik. Onddoen produktibitatea zuzenean mesedetuko da, esaterako. 

Eraztundu diren zuhaitzek hostorik botako ez dutenez argiaren sarrera handiagoa bermatuko da ohianpera. Horri esker, eguzki-argiaren sarrera bermatzearekin batera, basoaren birsorkuntzari bultzada bat emango zaio, etorkizuneko basoak ziurtatuz eta are eta karbono gehiago asimilatzeko gaitasunaz dotatuko zaio basoari. Zuhaitz gazteen garapenean laguntzeko, 2.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira birgaitzeko aukeratu diren zuhaiztien oihanpean. Besteak beste, haritz kandugabeak, otsalizarrak edota sagarrondo basatiak landatu dira. Ekintza honekin basoaren irregularizazioa burutzea eta egiturazko konplexutasuna eta dibertsifikazioa emendatzea bilatu izan da, basoaren etorkizuneko egitura egonkortzeko, eta erresilientzia gaitasuna handituz izurrite eta gaixotasunen aurrean. Bestalde, basoetako bizidun basatiak mantendu eta elikagaiez hornitzeko fruitu mamitsuak ekoizten dituzten zuhaitz eta zuhaixken presentzia bermatuko da.

Etorkizuneko basoak bermatzeko basoan argiuneak sortzea ezinbestekoa da. Argazkia A. MONTES

Proiektu honen baitan burutu diren ekintzen ondorioz, eta babesleku naturalak denboran gradualki sortzen doazen bitartean, saguzarrentzat babeslekuen oferta areagotuko duten 50 babes-kutxa gehiago instalatu dira estrategikoki Partzuergoko eremu ezberdinetan. Saguzarrek zerbitzu garrantzitsuak eskaintzen dituzte izurriteak kontrolatuz eta gaixotasun infekziotsuen transmisioa mugatuz. Gainera, saguzar espezie guztiak daude jasota Euskadiko Espezie Mehatxatuen Katalogoan, kumatzeko eta hibernatzeko babesleku egokien galerarekiko oso sentikorrak baitira, besteak-beste.

Baso-kudeaketa jasangarria erabilera multifuntzionalerako

Basoak ekosistema konplexuak eta zaurgarriak dira egitura aldaketen aurrean, eta bertan landare, onddo, animalia eta bestelako hainbat bizi forma gehiago bizi dira elkarlanean, gizakientzat balio ikaragarrizko zerbitzuak eta ondasunak sortuz. Biodibertsitatea sostengatzeaz gain, basoak etengabe hazten ari dira, eta, beraz, potentzial ekonomikoa duten produktu ugari sortzen dituzte etengabe, garapen sozio-ekonomikorako estrategikoak direnak. Aldi berean, basoek babes funtzioetan paper garrantzitsua jokatzen dute, lurzoruaren eta uraren kalitatea zainduz, airearen kalitatea hobetuz eta klima erregulatzeko gaitasuna dute negutegi efektua sortzen dituzten gasak kopuru handian biltegiratzen dituztelako. 

Erabilera multifuntzionalaren ikuspegi horretan, basoen egitura eta dinamismo egokia mantendu eta onura anikoitzez etengabe hornitzen jarraitzeko estrategiei begira, zuhaiztiek kudeaketa jasangarri aktibo bat eskatzen dute. Basoak kudeaketa jasangarriaren planifikazioak jarraituz gero, baso-ekosistemen funtzionamendu natural iraunkorra bermatzea da kudeatutako basoen ekonomia-jarraitutasunerako aldez aurreko oinarria eta baldintza. Aldi berean, ekoizpen optimoa eta iraunkorra burutzeko, ezinbestekoa da babes-funtzioa aprobetxamendu iraunkorraren definizio zabaldutzat hartzea. 

Printzipio horien konbinazioen ondorioz, errentagarritasun ekonomikoa handitu egiten da azalera-unitate eta denbora bakoitzeko, ekosistemaren funtzioak indartzen dira, babes funtzioak ziurtatzen dira eta funtzio sozio-kulturalak errespetatzen dira.

Europako biodibertsitate estrategia 2030

Natura osasuntsu bihurtzea funtsezkoa da gure ongizate fisiko eta mentalerako, eta aliatua da klima-aldaketaren eta gaixotasun-agerraldien aurkako borrokan. Gure planeta eta ekonomia biodiberstitatearen menpe daude guztiz. Aldiz, munduko espezie basatien populazioak %60 murriztu dira azken berrogei urtetan. Lurraren erabilera jasangaitzak, baliabide naturalen gehiegizko ustiapenak, aldaketa klimatikoa, kutsadura eta espezie exotiko inbaditzaileak dira murrizpen horien faktore nagusienak. Kontuan izan behar da munduko barne-produktu gordinaren erdia baino gehiago naturaren eta hark ematen dituen zerbitzuen mende dagoela, eta sektore ekonomiko garrantzitsuenetako hiruk (eraikuntza, nekazaritza eta elikagaiak) mendekotasun handia dute.

Egituran konplexuak diren basoek espezie aberastasun handia mantentzen dute. Argazkia A. MONTES

Aspaldidanik basoek garrantzi handia izan dute gure ekonomian eta gizartean; izan ere, enplegua sortzen dute eta elikagaiak, botikak, materialak eta ur zein aire garbia ematen dituzte, besteak beste. Mendeetan zehar, basoak kultura-ondarearen, artisautzaren, tradizioaren eta berrikuntzaren gune oparoa izan dira. Baina, iraganean garrantzitsuak izan badira ere, funtsezkoak dira gure etorkizunerako. Basoak aliatu naturalak dira klima-aldaketara egokitzeko eta haren aurka borrokatzeko, eta funtsezko zeregina izango dute Europa klimaren aldetik neutroa den lehen kontinentea bihurtzeko 2050 urtetik aurrera. Baso-ekosistemak babesteak gaixotasun zoonotikoak eta pandemia mundialak izateko arriskua ere murrizten du. Beraz, pertsonentzat, planetarentzat eta oparotasunarentzat etorkizun osasuntsua izateko, baso osasuntsuak, biodibertsitatean aberatsak eta erresilienteak bermatu behar dira Europa osoan eta munduan.

Premia hori bada ere, Europako basoek gero eta presio handiagoa jasaten dute, neurri batean prozesu naturalen ondorioz, baina baita giza jardueraren eta presioen gorakadaren ondorioz ere. Azken hamarkadetan baso-azalerak gora egin badu ere prozesu naturalei, basoberritzeari, kudeaketa iraunkorrari eta leheneratze aktiboari esker, eta horrek goranzko hainbat joera ekarri baditu ere, basoen kontserbazio-egoerak nabarmen hobetu behar dute eta osasungarriagoa izan behar dute. Europako 2030 biodibertsitate estrategiak esparru natural babestuen sare koherentea eta erresilientea indartzea aurreikusten du, lurreko eta itsasoko azalera handiagoa babestuz, errestauraziorako helburuak eta neurriak definituz, enplegua sortuz eta aktibitate ekonomikoa sustatuz naturaren berreskurapenari erantzunez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide