Iritzia

Palestina: EHUko Klaustroaren gehiengoaren eskaera EHUko zuzendaritzari

Erabiltzailearen aurpegia EHUko 128 klaustrokide 2024ko ots. 29a, 17:53
Arabako campuseko langileak, "sionismoarekin kolaborazioak etetea" eskatzeko elkarretaratzean.

"Unibertsitate komunitate moduan Palestinako herriari egin diezaiokegun elkartasun ekarpenik onena EHUk Estatu israeldarrarekin inolako harremanik ez izatea da"

Palestinako herriaren kontra Israelgo Estatua garatzen ari den sarraskiaren aurrean ezin dugu geldirik geratu, arrangura hutsen artean. Gazako unibertsitate sistema desegin dute guztiz, eraikinak txikituta eta unibertsitateko milaka langile zein ikasle erailda edo zaurituta, eta, kasu gehien-gehienetan, etxerik gabe utzita. Edozein kasutan, Gazako akademia- eta ikerketa-sistemarekin egin dutena Gazan sortutako hondamendiaren parte txiki bat baino ez da.

Gazako (eta Zisjordaniako) triskantza ezin dugu hemendik gelditu, baina gure esku dagoena egin dezakegu, mundu osoan zehar Palestinari elkartasuna adierazteko eta sionismoaren sarraskia salatzeko egiten ari diren ekimenetara gehitzeko. Zentzu horretan, unibertsitate-komunitate moduan Palestinako herriari egin diezaiokegun elkartasun-ekarpenik onena EHUk Estatu israeldarrarekin inolako harremanik ez izatea da.

"Gazako (eta Zisjordaniako) triskantza ezin dugu hemendik gelditu, baina gure esku dagoena egin dezakegu"

2005ean Palestinako 187 elkartek publiko egin zuten adierazpen bat non Israelgo Estatuak aplikatzen duen apartheidarekin bukatzeko Boikot, Desinbertsio eta Zigorrak kanpainan parte hartzeko deia egin zioten munduko gainerako herri eta eragileei (irakurri BDZ adierazpena: https://bdsmovement.net/). Palestinatik bertatik egindako nazioarteko ekimen hori kontuan hartuta, EHUko klaustrokideok, EHUko komunitatearen ordezkari garen heinean, Israelgo Estatuko erakunde, enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentroekin EHUk harremanik ez izateko eskakizuna egiten dugu, eta horrela eskatzen diogu EHUko zuzendaritzari.

Era berean, euskal jendarteari plazaratzen diogu adierazpen hau, Palestinari begira EHUko komunitatearen ekarpen moduan.

*Loteslea ez izan arren, eskaera hau forman eta denboran aurkeztu zen otsailaren 27ko Klaustroan bozkatua izateko. Hala ere, EHUko Zuzendaritzak, araudiaren interpretazio interesatuaren bidez, aurkezteko eta eztabaidatzeko aukera eman arren, adierazpena bozkatua izatea ukatu zigun. Beraz, klaustrokideen atxikimendua banan-banan jaso behar izan genuen.
 

Iñaki Etaio, Desiree Sanchez, Iñigo Ugedo eta EHUko beste 125 klaustrokideren izenean.

 

Gutun  hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide