Iritzia

Identitatearen dilatazioa ala purifikazioa

Erabiltzailearen aurpegia Nicolas Xamardo eta Xabier Rodriguez 2024ko ots. 8a, 18:20
Irudia: ALEA

"Errespetuan eta elkar-ezagutzan oinarrituriko politika eratu behar dugu estaturik gabeko nazioetan, haiei herri berrian elkarbizitza eta errotzea ahalbidetuko diena"

Immigrazioaren arazoa (proletario nomadak) ez da iristen diren nazioetako hizkuntza eta kulturen integrazio-asimilazioa inposatzen duten politikekin landu behar, mundu kapitalista globalizatuko estatuetan egin ohi den bezala. Estatu horietako askotan nazio zapalduak daude, Espainian adibidez (Galizia, Katalunia, Euskal Herria). Eta nazio horietan, batik bat Euskal Herrian eta Katalunian, proletario nomada ugari daude.

Horietan guztietan, ez dago politika propioa gai horren inguruan. Eta, ez badago, Estatu espainiarrak, beste herrietatik datorren jendearekin, Katalunian, Galizian eta Euskal Herrian, gurekin integratzeko eta asmilatzeko aplikatzen duen politika berbera egiten amaitzen da. Gure identitateari uko egin eta espainiar sentitu gaitezen.

Eskuduntzak nazionalitate historikoetara eskualdatzearekin, hainbat pasarte xenofobo agertu dira Katalunian, bereziki Ripolleko udaletxeak erakutsitakoa.

Hori dela eta, argi eduki behar duguna da, nahita ere, guk ez daukagula behar beste botere inor indarrez integratzeko: euren identitateari uko eginarazi eta gurea onar dezaten.

"Gurean parte hartzea erraztu behar diegu, euren identitatea dilatatzea dakarrena, ez hari uko egitea"

Argi dago Estatu espainiarrak eduki badaukala indar hori. Eta proletargo nomadak antzematen du. Beraz, integratzera behartuta sentitzearen aurrean, nabarmena da nazio espainiarraren hizkuntzan eta kulturan integratuko dela, eta ez katalan, galiziar edo euskaldunean. Eta, gainera, estatu espainiarraren aliatu bihurtuko da herri galiziar, euskaldun eta katalanaren aurka, ez baitira gai izan alternatiba propio eta desberdina eskaintzeko.

Horregatik ekidin behar dugu, kosta ahala kosta, proletario nomada erabilia izan dadin Espainia berak zapaltzen duen herrietan eraiki ahal izateko. Zergatik da hain gai garrantzitsu eta delikatua? Jokoan dagoena funtsezkoa delako gizakiarengan: identitatearen arazoa, alajaina!

Horregatik, proletario nomadak integratzea eta asimilatzea bilatzen duen estatu zapaltzailearen aurrean, errespetuan eta elkar-ezagutzan oinarrituriko politika eratu behar dugu estaturik gabeko nazioetan, haiei herri berrian elkarbizitza eta errotzea ahalbidetuko diena. Modu berezian, harrerako herriaren hizkuntzaren eta kulturaren ezagutza erraztu behar diegu, Estatu zapaltzailean integratzera behartuta izan ez daitezen. Hots, gurean parte hartzea erraztu behar diegu, euren identitatea dilatatzea dakarrena, ez hari uko egitea. Kontuan harturik identitatea ez dela zerbait estatikoa; identitatearen dilatazioak identitate dinamikoa, berrira irekia, ematen digu aditzera.  

Era berean, alderantziz, harrerako herriko herritar gisara, beste herri eta kulturetatik dakarkiguten berrira irekita eta harbera egon behar gara, gure identitate propioa ere dilatatzen joateko.

Modu bakarra proletario nomadak gure kulturan parte har dezan beraren dilatazioa, idientitate dinamikoa, erraztea da. Aldiz, integrazio behartuarekin, berearen purifikaziora bultzatzen ditugu (integrismoa); horrela, gu xenofobo bilakatuz, kapitalismo globalizatuari jokoa egiten dioten arrazisten pare, hark behar ez dituen proletario nomadak kanporatuz, zeinak delinkuentetzat baitauzka.

"Inork ez gintuen integratzera behartu, gogo eta nahien bategitea izan zen"

Identitatearen dilatazioaz mintzo gara, ez ikuspuntu teoriko hutsetik; ikastolen mugimenduan bizi izan ditugun esperientza pertsonaletatik baizik. Eta guk-geuk, Toki Eder ikastolan, hain zuzen. Han, Estatu espainiarreko beste nazionalitate eta eskualdeetatik etorritako gurasoak gure seme-alaben euskalduntzearen borrokan batu ginen, era horretara, gure identitateak zabalduz: euskara ikasiz, euskal kultura ezagutuz; gureak ezagutarazi eta Euskal Herriko jendeekin partekatuz. Hots, gure identitateen dimentsio dinamikoa garatuz.

Inork ez gintuen integratzera behartu, gogo eta nahien bategitea izan zen, Euskal Herria justuagoa, solidarioagoa eta euskaldunagoa eraiki eta partekatzeko xedearekin.

Gure iritziz, horixe izan behar du gure politika gidatu behar duena, proletario nomadei dagokienean. Denen artean eraiki behar dugu herria: jatorrizkoen eta etorritakoen artean. Herri zapalduok politika berria, ezberdina eta iraultzailea egin behar dugu, errespetuan eta justizian oinarritua.

Nicolas Xamardo eta Xabier Rodriguez.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide