Iritzia

Hezkuntza euskalduna behingoz! EAEko Hezkuntza Lege honi planto!

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Herrian Euskaraz (EHE) 2023ko abe. 21a, 10:50

"Abiapuntura itzularaziko gaituzte: euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna milaka ikasleri ukatu dien eta ukatzen jarraitzen dien hizkuntza ereduen sistemari segida emango zaio".

"Hezkuntza Legearen eztabaida prozesuan, hasieratik, zehaztugabetasuna eta anbiguotasuna izan da nagusi"

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektua aurkeztu zuenetik, hezkuntza sistemaren inguruko eztabaida bizi-bizi ibili da gurean. Horren aurrean, EHEtik, Euskal Herriko eragile aktibo garen heinean eta gaiak berreuskalduntze-prozesuan duen garrantziaz kontziente izanik, gure irakurketa plazaratu genuen otsailaren 30ean, Gasteizen, legeak jaso beharreko ezinbesteko hamar neurri proposatuz.

Ildo beretik, Euskalgintzaren Kontseiluak akordio zabala ehundu du Euskalgintzako eta hezkuntzako eragile gehienekin zein gehiengo sindikalarekin, hiru ardatz nagusiren baitan:

  1. Euskara ikas eta irakats hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa.
  2. Euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma.
  3. Hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea. 

"Ordura arte zehaztu gabe zegoen legea norabide okerrean definitu zen, hau da, euskararen biziberritzearen aurkako norabidean"

Hezkuntza Legearen eztabaida prozesuan, hasieratik, zehaztugabetasuna eta anbiguotasuna izan da nagusi, eta hala salatu izan dugu, planteamenduen zehaztapena norabide egokian egin zedin eskatuz. Baina, hilabeteek aurrera egin ahala, Euskalgintzatik egindako aldarriei bizkarra emanez, urriaren bukaeran EAJ eta PSE–EEk elkarren artean adostutako emendakinak aurkeztu zituzten, horrela, ordura arte zehaztu gabe zegoen legea norabide okerrean definitu zen, hau da, euskararen biziberritzearen aurkako norabidean.

Horrela, hainbeste eztabaida, gorabehera, adierazpen, adituen hitzartze, ikerketa eta abarren ondoren, hemendik minutu gutxira, parean dugun Legebiltzarrean Hezkuntza Lege berria onartuko da. Eta horrela, berriro ere, abiapuntura itzularaziko gaituzte, hots, genuenaren antzekoa eta zenbait aspektutan okerragoa izanen den lege batera: euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko eta idazteko gaitasuna milaka ikasleri ukatu dien eta ukatzen jarraitzen dien hizkuntza ereduen sistemari segida emango zaio. Horrez gain, hizkuntza gaitasun soiletik haratago, euskalduntzea lortzeko ezinbestekoak diren beste arloetan (euskal kultur transmisioa, hezkuntza ez arautua eta aisialdia, hizkuntzaren estimulazio goiztiarra...) ditugun erronka erraldoiei erantzunik eman gabe jarraituko du legeak.

"Hezkuntza Lege honek ez digu balio; aurrekoa bezalaxe, iraungita dago"

Horregatik, EHEtik argi eta garbi adierazi nahi dugu: ez dugu Hezkuntza Lege hau onartzen. Izan ere, euskararen berreskuratze prozesuaren bidegurutzean, inflexio puntuan, gauden honetan, beherakadari begira jartzen gaitu, ditugun egiturazko arazoak indartuz eta itoginak larriagotuz. Legebiltzarraren barrualdera mezu argi bat helarazi nahi dugu gaur hemendik: Hezkuntza Lege honek ez digu balio; aurrekoa bezalaxe, iraungita dago.

Horrela, batetik, lege honi baiezkoa emanen dioten alderdiek euskararen biziberritze prozesuan egiturazko galga itzela jartzen ari direla salatu nahi dugu. Nola euskaldunduko ditu ikasleak ereduen araberako bereizketa mantentzen duen sistema batek? Nola bermatuko da euskarazko B2 maila ikasle guztiek eskuratzeko helburu hori betetzea, egituraz dena berdin mantentzen badute?

Bestetik, euskararen aurkako oldarraldia salatzeko pankartan jarri bai, baina gero oldarraldi horren eragile aktibo direnen eskutik euskararen aurka funtsezko lege hau onartzearen hipokrisia seinalatu eta salatzea ere badagokigu, gure ustez. Euskalgintzatik ez genituzke euskararen aurkako legeak onartzen dituztenen eskutik horrelako aurpegi zuriketak onartu beharko.

"Nola euskaldunduko ditu ikasleak ereduen araberako bereizketa mantentzen duen sistema batek?"

Azkenik, hezkuntza komunitate euskaltzaleari, irakasle, ikasle, guraso zein bestelako langileei, lege honi planto egin eta behar dugun hezkuntza euskalduna borrokatzeko jarrera hartu dezaten dei egiten diegu. Ikastetxez ikastetxe, euskararen alde eragiteko eta hurrengo legea, hezkuntza benetako euskalduntzearen bidean jarriko duena, lehenbailehen irits dadin antolatzeko gonbidapena egiten diegu. EHEtik, bide horretan elkarlanean aritzeko gure eskua luzatzen diogu norbanako zein eragile orori.

Gaurkoa, egun gogorra da Euskalgintzarentzat, baina ezin dugu etsipenean erori. Burua altxa, orain arteko estrategiak berrikusi eta aurrera begira jartzeko garaia da; behar dugun Hezkuntza Euskaldunaren norabidean eragiten jarraitzekoa. Aktibatu, antolatu eta borroka dezagun euskaraz ikasi eta bizitzeko baldintza errealak sortzeko. Guk eskuratu ezean, ez baita iritsiko. Hezkuntza Lege honi planto! Hezkuntza Euskalduna behingoz!

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago