Iritzia

Gasteizko Udalak lodiok antzokietatik botatzen gaitu

Erabiltzailearen aurpegia Ezin Kabitu kolektiboa 2023ko abe. 18a, 13:02
Aldabe antzokiko eserlekuak prezintatu dituzte, protesta gisa. Argazkia: Ezin Kabitu

"Lodifobiaren kontrako borroka jorratzen duen ikuskizunean ez kabitzea guztiz paradoxikoa da"

Ezin Kabitutik, Euskal Herriko kolektibo loditik, egunero pairatzen dugun indarkeria instituzionala salatu nahi dugu. Pasa den ostiralean, hilak 15, Gasteizko Aldabe antzokira lodifobiaren aurkako Nadie Hablará de Nosotras podcasteko kideak etorri ziren haien ikuskizuna egitera. Zein da arazoa? Bada, Gasteizko antzoki publikoetako eserlekuak ez direla mundu guztiarentzako irisgarriak. Gorputz lodiak ez gara kabitzen!

Nazkatuta gaude eraso lodifoboak jasateaz, eta erasoak irainetatik haratago doazela mahaigaineratu nahi dugu. Gizarte lodifoboa hirian, arkitekturan eta azpiegituran ere islatzen da, fisikoa da, materiala da. Arazoa sistematiko eta estrukturala da. Gorputz konkretu baterako eginda dago hiria. Gorputzak anitzak dira, eta pertsona lodiok existitzen gara. Gasteizko Udalak ematen dituen aukerak irisgarriak izan behar dira gorputz eta pertsona ororentzako.

"Gizarte lodifoboa hirian, arkitekturan eta azpiegituran ere islatzen da, fisikoa da, materiala da"

Nahiz eta Gasteizko Jabenkuntza eskola feministak lodifobiaren kontrako lanketa agendan txertatu, lodifobiaren kontrako borroka jorratzen duen ikuskizunean ez kabitzea guztiz paradoxikoa da. Argi dago irisgarritasuna ez dela lehentasun bat eta hori indarkeria da.

Ezin Kabitutik denok kabitu arte borrokan jarraituko dugu. Egoera jasanezin honen aurrean, antzokiko eserleku lodifoboak seinalatu genituen eta sarrera oztopatu genuen jasaten dugun etengabeko indarkeria salatzeko. Honen harira gure eskaera hurrengoa da: espazioak eta estrukturak (antzokiak, aulkiak, komunak, garraioak…) birpentsatzea eta aldaketa materialak egitea, Gasteizko zein Euskal Herriko espazio guztietan.

Gasteizko Udalak ez gaitu lodiok antzokietan nahi!

 

Ezin Kabitu kolektiboa.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide