"Lakuako Hezkuntza Saila zein Gasteizko Udala isilik mantendu dira orain arte"
Hilabete luzeak dira Salburuak Bere Sukaldea plataformak auzoan sukalde propioa izan eta bertako ikastetxe guztietako jangelak hornitzeko asmoarekin proiektua publikoki aurkeztu genuenetik. Aldez aurretik, plataformatik eragile sozial, politiko eta sindikalekin proiektua bizkar-hezurtzen duen dokumentua partekatzeko lana hartu genuen ere; Lakuako Hezkuntza Saila zein Gasteizko Udala, gure arduradun politiko gisa, zuzenean interpelatu genituen proiektua bideratzeko agenda zein bide-orria zehaztea eskatuz. Era berean, udal hauteskundeen testuinguruan, gutun ireki bat bidali genien alderdi politiko guztiei gure planteamendu eta asmoak mahaigaineratuz eta, beste behin ere, negoziazioaren bidea irekitzeko eskatuz.
Hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioen erantzunik gabe jarraitzen dugu, tamalez. Gure Platera Gure Aukera plataformarekin elkarlanean eta berorren babes eta sostengu guztiarekin garatu dugu orain arteko ibilbidea, gure proiektuari zentzu eta testuinguru orokorrago bat eman eta norabidea ez galtzeko asmoarekin. ELA eta LAB sindikatuekin zein EH Bildurekin kontaktu erronda positiboa gauzatu genuen; eta PSErekin ere azaleko kontaktuak izan genituen.
Baina gainontzeko alderdien eta eragileen partetik ez dugu berririk izan, eta Lakuako Hezkuntza Saila zein Gasteizko Udala isilik mantendu dira orain arte. Egoera kezkarekin bizi da plataformaren baitan eta auzoko hezkuntza komunitateetan; izan ere, arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen ditugu jokaera horren atzean.
Salburuko hezkuntza komunitateek bat egin dugu bete-betean proiektu honekin. Ikastetxeetako zuzendaritza taldeek eta klaustroek, Ordezkaritza Organo Gorenek (OOG) eta familiek bat egin dugu sintonia osoan proiektuaren inguruan. Burdinbide auzo elkarteak ere bat egin du planteamenduarekin eta elkartasun guztia adierazi digu. Eta beste hezkuntza komunitate batzuetatik gurekin harremanetan jarri dira proiektuaren inguruan oso interesaturik. Gainera, udaberrian zehar gauzatu genituen inkestek argi adierazi zuten familien gehiengo zabalak proiektua babesten eta berresten zuela.
"Salburuko hezkuntza komunitateek bat egin dugu bete-betean proiektu honekin; familien proiektuarekiko adostasun maila %99,7koa izan da"
Eta datuak eztabaidaezinak dira, jaun-andreak. Inkestaren gauzapenean familien parte hartzea %75etik gorakoa izan zen. Administrazioek guk baino hobeto dakizue zeinen zaila den edozein ekimenetan parte hartzea bermatzea eta sustatzea; azken udal hauteskundeetako abstentzio datuei erreparatzea besterik ez daukazue. Eta gu, parte hartzeari dagokionean, datu horien oso gainetik mugitu gara.
Era berean, inkesta bete duten familien proiektuarekiko adostasun maila %99,7koa izan da. Eta parte hartze aktibo bat izateko, lantaldeetan integratzeko zein estrategia desberdinen garapenean eragiteko familia asko agertu dira prest.
Gauzak horrela, beste behin ere Lakuako Hezkuntza Sailari eta Gasteizko Udalari gaiari heltzeko eta egoerak exijitzen duen mailan egoteko eskatzen dizuegu. Auzo oso baten aldarrikapena mahai gainean duzue.
Agendak koordina ditzagun eta urtarriletik aurrera negoziazio mahai bat jar dezagun martxan sukalde hori non, zelan eta zein epetan eraikiko den adosteko. Horrelakorik egingo ez bagenu, auzoko hezkuntza komunitateek, familiek bereziki, ez genuke ulertuko, eta plataforma bezala, ezinbestean, bestelako urratsak ematera behartuta egongo ginateke.
Gure auzoak behar bizi bat adierazi dizue. Herriak, eskaera argi bat luzatu dizue.
Ulertuko duzuen bezala, gure ikasle eta seme-alaben elikadurak ikaragarri kezkatzen gaituen gai bat da eta eskaerari tinko eutsiko diogu zuek, arduradun politiko gisa, urrats irmo eta sendoak eman bitartean. Argi daukagu gaia bideratzea borondate politiko kontua besterik ez dela. Izan ere, ikuspegi tekniko batetik bideragarria eta erreala den planteamendu bati buruz hitz egiten ari gara. Eman ditzagun pausoak elkarrekin, bada.
"Gure ikasle eta seme-alaben elikadurak ikaragarri kezkatzen gaituen gai bat da"
Testuinguru honetan, eskola jantokietara loturiko eta pil-pilean dauden gertaera horiek guztiak, garraiatutako janariaren kalitate ezak eta jantokiko erabiltzaile diren familien haserre eta kezka orokortuak gure planteamenduak berresten ditu, zalantzarik gabe. Guk urte hasieran abiatutako bidea jantoki ereduaren paradigma aldaketarako giltza dela argi ikusten ari gara. Gure seme-alaben elikadura osasungarri baterako eskubidea, osasuna, formakuntza, zaintza eta ziurtasuna eskola jantokien testuinguruan azkeneraino defendatuko dugu, eta ez diogu inori, inolaz ere, horrekin jolasten utziko.
Horregatik, Gasteiz hiriko hezkuntza komunitate guztiei dei egiten dizuegu auzoz auzo, ikastetxez ikastetxe, proiektuak garatu eta gure norabide bertsuan urratsak ematen hastera. Salburuak Bere Sukaldea plataformak elkarlanean aritzeko eta esperientziak partekatzeko borondate guztia adierazten dizue lerro hauen bitartez. Jarri gurekin harremanetan. Elkarrekin bidea egiteko konpromisoa adierazten dizuegu guztioi. Elkarrekin indartsuagoak izango garelako: antola gaitezen hezkuntza komunitateak!
Salburuak Bere Sukaldea plataforma: Arantzabela, Errekabarri, Salburua ikastetxeetako, Salburua Institutuko eta auzoko haurreskoletako hezkuntza komunitateak.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.
MANIFESTUA
Jantokitik jangelara: Salburuak bere sukaldea