Iritzia

Hezkuntza Lege hau iruzur handia da

Erabiltzailearen aurpegia Euskal Eskola Publikoaz Harro 2023ko aza. 20a, 11:25
Eskola publikoaren aldeko mugimenduaren agerraldia, larunbatean. Argazkia: EEPHT

"Oinarrizko eskubideen eta gizarte kohesioaren izenean, Eskola Publikoa lehenetsi dezatela exijitzen diegu alderdiei, eta beharrezkoak dituen baliabide guztiekin hornitu dezatela irakaskuntzako zerbitzu publikoa sistemaren ardatza bihur dadin".

Azaroaren 29an, Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordeak ontzat eman nahi du Hezkuntza Legearen Proiektua, bere onarpenerako bide emateko. Horri aurrea hartuta, Euskal Eskola Publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunok, Hezkuntza Legeari gure ezezko borobila eman diogu bozketa sinboliko honekin.

"Euskal Eskola Publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunok, Hezkuntza Legeari gure ezezko borobila eman diogu"

Lege honek Irakaskuntza Publikoaren gehiengoaren gaitzespena du: hiru lurraldetako tokian tokiko hainbat herri plataforma, EHIGE, HEIZE, gehiengo sindikala (STEILAS, ELA, CCOO), ikasleen mugimendua, EHUko hainbat irakasle...

Legearekiko gure erabateko desadostasuna adierazi dugu azken bi urteetan, bai Legebiltzarrean egindako agerraldi ugarietan, bai milaka herritarron kontrako jarrera bilduz hiru hiriburuetan; azkena urriaren 29an Donostian. Ez dute aintzat hartu sare publikoaren gehiengoa ordezkatzen dugunon proposamen bat ere.

Berriro esan behar dugu, onartu nahi den Hezkuntza Lege hau gizarteari egiten zaion iruzur handia dela:

  • Babes sozialik gabea eta adostasun eskaseko legea da. Hurrengo hamarkadetarako estrategikoa beharko lukeena ahula da jatorriz.
  • Geure hezkuntza komunitatearen parte hartzerik gabe egin den legea da, hain zuzen ere, Eskola Publikoaren kaltetan egindakoa da. Eusko Jaurlaritzak entzungor egin dio, Eskola Publikoaren izenean esandako guztiari.
  • Hezkuntza sistemaren pribatizazioan sakontzen duen legea da, sare publikoa eta pribatua berdinduz. Sare pribatuari, inongo baldintzarik bete gabe finantzazioa bermatzen dien bitartean, eskola publikoa bazter uzten du finantzazio planik ezean.
  • Ez die erantzuten hezkuntza sistemak dituen erronkei:
    • Ez du neurri eraginkorrik proposatzen eskola segregazioari aurre egiteko, ezta ghetto bihurtu diren ikastetxeei buelta emateko ere.

    • Ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen, eta hizkuntza ereduek indarrean jarraituko dute.

  • Ez du ezer zehazten segregazioaren, euskalduntzearen eta laikotasunaren inguruan, eta "zelaia" libre uzten du autonomia faltsu baten izenean ikastetxeen arteko lehia bultzatzeko, merkatuaren logika hutsean.
  • Soilik itunpeko sarearen interesei erantzuten dien legea da, eta sare pribatura bideratzen ditu ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko eskola publikoak behar dituen baliabideak.

Horregatik, oinarrizko eskubideen eta gizarte kohesioaren izenean, Eskola Publikoa lehenetsi dezatela exijitzen diegu alderdiei, eta beharrezkoak dituen baliabide guztiekin hornitu dezatela irakaskuntzako zerbitzu publikoa sistemaren ardatza bihur dadin, pribatizazioak eskubideen urratzea dakarrelako beti. Hezkuntza Lege txar hau bere onarpenaren azken txanpan dagoen honetan, eskola komunitate osoari deitu nahi diogu mobilizatu dadila berriro ere hezkuntza lege honi ezetz esateko.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide