Iritzia

"Perie" hasi da!

Erabiltzailearen aurpegia Txema Arinas 2022ko abe. 7a, 06:00
Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra ospatuko da aurten. / Argazkia: durangokoazoka.eus

"Esango al dut? Ai, ai, bai esango dut, zuhurtziari eusten saiatu naiz, baina alperrik, esango dut, pekatu larria egingo dut: ez dut Durangoko Azoka atsegin, ez, inondik ez".

— Zer dela eta hain pozik, neska?

— Durangoko Azokia hasi dalako!

— Ez nekinan hain kulturazalea hintzena.

— Ez non oso, egixa esanda, ez; baia, nire mutikoaz geratu non Durangon bueltatxo bat emuteko. Badakin, pare bat liburu edo diska erosi eta gero derrigorrezko poteak hartzera.

— Azokan?

— Durangoko alde zaharrian. Azokara sartzen dana nire nobixua izeten da, oso euskaltzalia, euskal filologia eta guzti ikasi jon. 

— Liburuak eta diskak erostearren edo?

— Nire nobixuak bai, urtero pare bat liburu edo diska erosi ohi jon gutxienez. Lehen esan badunat oso mutiko irakurzalia, ikasia, dala. Baia, Durangora faten garenien ni beti azokatik kanpo geraketan naz, harek Azokan zihar bizpahiru buelta lasai askoan emun daixen. Badakin, etxako bape gustetan ni bere albuan eukitzea nobedadiak eta ikusi bitartian, aztoraketan dotela esaten jon.

— Hik ez dun irakurtzea gogoko?

— Egixa esanda gutxi. Nosbaitzuetan liburon bat edo erosten jonat oporretan, hau da, hondartzan gaozela leitzeko; baina beti erdaraz, euskaraz kristona kostetan jaten eta.

— Baina hik ikastolan ikasi dun!

— Bai, neska. Baia, ikasgelako euskara ziharo ahaztuta dauket, ikastolatik kanpo inogas berbetan eitten ez dotelako, beti geure herrikuaz, etxekuek irakatsitakua, egiazkua. Batuera primera ulerketan dot, jakina; baina, leitu ostera itzel kostetan jaten.

— Eta ez al din pena ematen euskaraz irakurri ahal ez izatea?

— Esan badunat irakuketan doten apurtxua erdaraz dala; horregas nire burua dexente beroketan jonat.

— Denok berdin egingo bagaixon euskalgintza akabo!

— Aizan, neska, igaz Ken Zazpiren azkena erosi naixonan, nik euskarazko musikia entzuten jonat... takian-potian.

— Euskarazko literatura ordea...

— Esan badunat nire nobixuak urtero pare bat liburu edo erosten dauela. Izanbe, etxian bajaukene pila bat apaletan ikutu barik.

— Ez al ditin irakurtzen?

— Berak be erdaraz leitu gurago jon; errazago jakola esaten jon.

— Bada, esaion gauza eder asko galtzen ari dela euskaraz ez irakurtzeagatik, gauza benetan interesgarriak, hunkigarriak, izugarriak. Gainera, gaur egun euskaraz denetarik zagon. Nobela beltza atsegin al zaion?

— Bai, pila bat, Dolores Redondoren Baztango trilogiaren lehenengo bi nobeliak leitu jittun.

— Bada, esaion hirugarren nobela euskarara itzulita dagoela.

— Ah bai? Ze ondo! Esango jutsenat erosteko, bai.

— Ondo ba, euskarazko kultura lagundu, bultzatu behar dinagu eta.

— Jakina, euskaldunak gaittun, ezta? Hi Durangora fango haz?

— Bai noski, urtero joan ohi dinat.

— Ederto, tabernaren baten topetan bagaittun pote bat atarako dunat. Oso giro politta egoten don Durangoko alde zaharrian, oso euskalduna.

Esango al dut? Ai, ai, bai esango dut, zuhurtziari eusten saiatu naiz, baina alperrik, esango dut, pekatu larria egingo dut: ez dut Durangoko Azoka atsegin, ez, inondik ez. Badakit oso garrantzitsua dela euskalgintzarako, euskarazko ekoizpenaren zabalkuntzarako, euskararen nolabaiteko presentzia nabarmentzeko eta nahi beste. Baina ez, ez dut batere gogoko, atsegin, behin baino gehiagotan joan naiz eta betiere ikaragarri gogogabetu, atsekabetu egin naiz, elikagaietarako ez diren azoka guztietan suertatu bezala.

"Ez dut batere gogoko hain esparru handia liburuetan denbora goxo-goxo galtzeko, nahiago dut hori liburudendetan egitea"

Ez ditut gogoko jendetzak, ez dut gogoko txoznarik txozna joatea jendartean barrena, hau da, elkarri bultzaka edo oztopoka, liburuen gainetik begiraka eta ia betiere presaka, ez dut batere gogoko hain esparru handia liburuetan denbora goxo-goxo galtzeko, nahiago dut hori liburudendetan egitea. Areago, badago nolabaiteko etxekotasun giro/kutsu bat batere gustatzen ez zaidana, azokako guztiek betidanik zein halabeharrez elkar ezagutuko balute bezala, denak soka berekoak balira bezala hainbat oinarrizko gauzatan, bertakoa izateko, hau da, benetan gustura, eroso, egoteko, tribukoa izatea ezinbesteko bazenu bezala, euskalgintza nola edo hala horretatik asko balu bezala, den-denok lapiko berekoak, enbor bereko ezpalak, den-denok kausarekin suhar bat eginez, hau da, adostasuna oinarrizkoan, zer-nolako jatorrak garen, zer nolako eusko-zintzoak, eusko-zuzenak, eusko...

Gainera, euskalduna izanda, eta Azoka gogoko ez duzula aitortuz gero, euskal pekatu larria, jakina. Zer dela eta? Somatzen dudalako Azokaren egunotan bisitariak erromesen antzera doazela Durangoraino urtero bezala abenduko euskal erromeriarekin betetze aldera, urtebarruan Nafarroa Oinez edo Korrikarekin egin bezala. Bada, beraz, itxurazko zein egiazko euskaltzaleon arteko enegarren erritua nork bere kontzientzia lasaitzearren edo, euskara gero eta gutxiago eginagatik bere buruari zein ingurukoei edo euskaldun jator eta zintzoa izaten jarraitzen duela sinestaraztearren.

"Somatzen dut Azokaren egunotan bisitariak erromesen antzera doazela Durangoraino urtero bezala abenduko euskal erromeriarekin betetze aldera"

Eta hau guztia gutxi bailitzan ere, azoka itxura ere ez dut batere gustuko, badu nekazal kutsu garbia euskalgintzarenarekin nola edo hala uztartzeko joera eragiten duena edo, euskal kultura nolabait kondenatua balego bezala ferietan saltzeko bestela egiteko gauza ez delako; tristea begitantzen zait.

Azoka deritzate, bai, baina nire ustetan baserritar feria garbi-garbia da, eta kaletar peto-petoa naizen aldetik nire giroa ez dela aitortu beharrean nago, galduta sentitzen naiz ganadu ferietan, ez dakit bertakoak zertaz ari diren, soberan dut nire burua, eta gainera ez dit batere axola.

Nik, gorago esan bezala, aukeran, aisialdia beti liburudendetan eman nahiago dut. Izan ere, nik uste egiazko irakurzaleak bere liburuak banan-banan, urtebarruan eta liburudendetan goitik behera ibili eta gero erosi nahiago duela, nik uste printzipioz betiere mimoz zein tentuz hautatzen dituela, nik uste irakurzaletasunak oso bestelako liburuekiko betekizun edo atxikimenduak eskatzen dituela, nik uste Azokarena neurri handi batean erromeria polit bat baino ez dela jendartean euskalgintzaren osasuna edo indarra nola edo hala erakusteko asmotan; begira, jakintzazue, zer nolako emaitza txukunak, zabalak, anitzak ditugun, zer nolako sasoi onean gauden, zein ondo konpontzen garen elkarrekiko, zein jatorrak garen, nolako arrakasta aurtengoa, halakoa hurrengoa. Baina aitor dut ere: aurreritziak aurreritzi.

Sinatzailea: Txema Arinas

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide