Argia Eguna: berriro ere txikitik eragiteko prest, oraingoan Gasteizen

2015. urteko Argia Egunaren irudia. DANI BLANCO/ARGIA

Urriaren 7an laugarrenez egingo dugu Argia Eguna, 2014an berreskuratu genuenetik. Gasteizera joko dugu oraingoan, herri mugimenduaren eta euskaltzaleen taupadaz bizi-bizi dagoen hirira.

Alde Zaharra izango da epizentroa, baina Zaramaga aldera eginez hasiko dugu eguna: Martxoak 3 elkartearen eskutik, OroiTour memoriaren bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango baita.  Parte hartzaile kopurua mugatua da, hori bai; erne beraz.

Pixka bat geroago abiatuko da, GEU elkarteak gidatuta eta Alde Zaharrean, Gasteiz Euskaldunaren Ibilbidea, euskarak hirian duen garrantziaz jabetzeko. Eta aurreko kasuan bezala, komeni da aldez aurretik izena ematea, egitarauan zehazten dugun moduan.

Hortik aurrera, eta aurreko edizioetan bezala, hausnarketarako eta olgetarako tarteak izango ditugu: Argia zaleen topaketa, jolas hezitzaileak, hurbileko produktuekin egindako herri bazkaria, umorea, musika, nortasun agiri arrotzen jaurtiketa honezkero klasikoa… Den-dena, ohi dugunez, bertako hainbat eragilerekin batera elkarlanean ondua. Eskerrik asko haiei.

Hona hemen egitarau osoa:

URRIAK 7, GASTEIZKO LANDATXO GUNEAN (Alde Zaharrean)

10:30  OroiTour, memoriaren ibilbidea, Martxoak 3 elkartearen eskutik. Landatxotik abiatuta Zaramagaraino

11:00 Gasteiz Euskaldunaren Ibilbidea, GEU Elkartearekin. Alde Zaharrean barrena

12:00 Jolas hezitzaileak,  Nendo Dango…

12:30 Argia zaleen topaketa

13:30 Gasteizko albokariak

14:30 Bazkaria, produktu ekologiko eta hurbilekoekin. Prezioa: 15 euro (12 euro langabetu, langile prekario eta ikasleentzat).

16:30 Monologoa: Mirari Martiarena

17:30 Euskal Herriko IV. Nortasun Agiri Arrotz Jaurtiketa lehiaketa

19:00 Kontzertuak (Gaztetxean):
Txalainak (Hertzainak-en bertsioak)
Jon Basaguren

*Ibilaldi gidatuetarako eta bazkarirako izena emateko, deitu 943-37 15 45 telefono zenbakira edo idatzi  komunitatea@argia.eus helbidera

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide