Espainiar ultraeskuindarrek (bakarrik?) hainbat euskal aktoresa-musikari-pailazo-politikariren kontra bultzaturiko kanpainaren azken atala prime time-n daukagunean. Kanpaina horrek kalte handia egin digu boikota elkartasun tresna (arma) modura defenditzen dugunoi.
Boikota pertsona, enpresa edo estatu baten produktuen kontrako kanpaina bat da, irudian eto ekonomian kalteak eragiteko asmoz; Gandhik-eta Erresuma Batuaren produktuekin, Apartheidaren Hegoafrikaren Springboks-ekin edo Charles Boycott-en kontra irlandarrek egin zuten bezala adibidez. Boikotak pertsona, enpresa edo estatu horrek egindako zerbait gaitzestea du abiapuntu eta helburu.
Boikota tabu bihurtzen ari da eta badirudi boikot guztiak, arrazoiak arrazoi, boikot diren heinean berdintzen ari direla, eta horrekin batera arrazoiak. Pertsona bati ezin zaio boikota egin bere iritziengatik. Inoiz ez? Berdin dio zein iritzi diren?
Artista israeldar bat etorri zen Gasteiza ez aspaldi, berarekin bildu ginen hotel batean, handik atera ginenean neuk behintzat, bere iritziak entzunda, berari boikota egitea (alegia bere produktua ez erostea eta irudia kaltetzea) zilegi eta beharrezkoa zela iritzi nion.
Ulertzen nuen -ez konpartitzen- egin zigun Israelen defentsa eta abar, baina errefuxiatuen gaira iritsi ginenean, ordea, bere iritziak onargaitz egin zitzaizkidan. Bere esanean erlijio judutar (amama-aititetako bat) duen munduko edozein pertsona (eslabiar-beltz-latindar-euskaldun-arabiar-amerikar-germaniarra) errefuxiatu-israeldar potentzial bat da, berak defenditu zigun haietariko edozeinen zuhaitz genealogikoaren adarretatik gora igoz han topatuko dugula lur haietatik duela 5-10-15-20-x mende irten zen bere arbasoren bat, eta, beraz, baduela 2017ko Israelera itzultzeko eskubidea. Bestalde 1948az geroztik kalkulatzen da lau, bost edo sei miloi palestinar errefuxiatu daudela, haietariko batzuek gordetzen dute beren etxeko giltza. Artista israeldar horren iritziz, ordea, (hainbeste) palestinarren itzulera ezinezkoa da, eta beren eskubideek talka egiten dute israeldar errefuxiatuen eskubideekin (norenak dira lurrok duela 60 urte ihes egin behar izan zutenenak ala duela 15 mende ihes egin behar izan zutenenak?). Beraz, beren etxeetako lurretara ez, balizko beste palestinar (edo ez palestinar) lur batzuetara “itzuli” beharko lirateke (balizko estatu horiek onartuz gero beti ere).
Ahalik eta informazio osatuena emate aldera, artista horrek Euskal Herrian egin dituen kontzertuetan bakearen alde mintzatu da beti, baita bi estatu izatearen alde eta (errefuxiatuen aferari helduz) Genevako hitzarmenaren alde.
Ulertzen dut batzuk artista horri boikota egitearekin ados ez egotea, baina ez da berdin palestinar errefuxiatuen itzultzeko eskubidearen kontra hitz egitea eta EPPK-ko presoen eskubideen alde hitz egitea. Eta batez ere: ez dezagun boikota tresna bera errefusatu, noiz, non, nori/zeri zilegi (eta beharrezkoa) den eztabaidatu baizik.