Ni ez naiz arrazista baina

Erabiltzailearen aurpegia Ruben Sanchez 2017ko mar. 20a, 17:34

"Umeen eskola-matrikulazio aldia bukatu berri delarik lerroburua: Gasteizko 20 eskolak %30 baino gehiago ikasle-atzerritar dute”.

Natalie Nourigaten komikian ahoa estaltzen dio lagun batek besteari, nago gurean ez diogula antzekorik dioen lagunari besarkatu eta ahoa estaltzen sarritan.

Umeen eskola-matrikulazio aldia bukatu berri delarik lerroburua: “Gasteizko 20 eskolak %30 baino gehiago ikasle-atzerritar dute” (beste herri/hiri batekoa bazara ez pentsa gasteiztarrak zuek baino “ni ez naiz arrazista”-goak garenik eta eman paseotxo bat eskola patio batetik bestera badaezpada).

Datu gehiago albistean: 20tik 19 eskola publikoak dira, haietariko batzuetan (zenbatetan?) Jaurlaritzak gehienez aholkatzen duen %30 hori %80tik gorakoa da. Nik esan ahal dut gure etxe inguruan dauden 4 eskolatan gutxienez 2 urteko umeen matrikulazioan guraso etorkinak dituen umeen kopurua %100ekoa dela.

Eta arazoak ez dauka konponbide errazik, hezkuntza sailak ez du orain arte neurri handirik hartu, matrikula iruzur batzuk harrapatzeaz harago. Garrantzitsua da, baina guraso-espeziea azkar moldatzen da baldintza eta mehatxu berrietara eta etxeko lanak bizkorrago egingo ditu: errolda-helbidea lehenago aldatu, koinatuari hots egin, halabeharrez kontzertatu batean matrikulatu… Baina Uriarte hezkuntza sailburuak dioenez aldatu ezin dena “gurasoen eskola aukeratzeko eskubidea” da.

Hezkuntza arloan Finlandia aipatzea virala egin da eta bitxia da nola han gurasoen eskubide hori ez den ageri. Ia %100 eskola publiko berdintsuak dira eta, beraz, alperrikakoa dirudi etxetik gertuen dagoen eskolara joan ordez urrunago batera joan nahi izateak. Baina gurean kristau/laiko, ikastola kontzertatu/publiko, A/B/D ereduko eta etorkin askodun/gutxidun eskola (eta eskola alternatiboak ere) dauzkagu aukeran guraso jator txuriok.

Emaitza begi-bistakoa den arren (berriz ere jolas-orduetan patio batetik bestera pasea…) argazki flash batzuk: badirudi eskola batzuetan gurasoak ahalmen ekonomiko handiagokoak direla, badirudi beste batzuetan kristau txintxoagoak direla, euskoagoak beste batzuetan, txiroagoak beste haietan, etorkinak han.

Eta hau ez da errez konponduko (tira, arazoa al da?), hau da gure Euskal Herria: txikitatik bandoka. Kristautasun gehiago nahi duten gurasoek nola ez dute halako eskola aukeratzeko eskubidea izango?  Eta euskara gehiago/eraginkorrago nahi dutenek? A ala B eredua nahi dutenek? Etorkin gutxiago nahi dutenek? Tira itsusia ematen du gauzak hola esanda, baina bueno, guraso txuri jatorrek dugun aukeratzeko eskubidea ukaezina da, eta gaitz erdi.

Orain arte defenditzen nuen txirotuek (haietariko asko etorkinek) ez zutela aukeratzeko eskubide hori, baina Uriarte andreak esan berri du ezetz, eskola kontzertatuetan kuotak ez direla derrigorrezkoak, baina jendeak ez dakiela hori eta informazio-bulego bereziak jarriko dituela matrikulazio-laguntza egokia emateko (hau guztia, ulertzekoa denez, pixka bat kostatuko da, azaldu ere Uriarte andreak azaldu berri digu: “ez daukat hor atzean [lanean] ari zaidan beltz bat“, (badaezpada ere, ez adiera literarioan, ez eta lehen adieran)).

Eureka! Agian hor dago konponbidea! Sarrionaindiaren bidetik beteko ditugu eskola guztiak euskaldunez, koreanoz, swahili beltzez eta eskandinaviar blondez. Bizkor! Fite! Hasi lanean instituziook beltz eta guzti behar bada ere.

Bakarrik falta da bando ezberdinetako euskal herritarrek nahasketa hori guztia onartzea. Badakizue, ez gara arrazistak, ordenatuak baizik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago