Gure herrialdeko lurrek, paisaiek eta historiak biztanleongan dute eragina. Lautadan bizi direnek patataren eta zerealaren seriotasuna eta langiletasuna gorde dute; Arabako Errioxakoek, berriz, lur gorriez eta mahatsondoez inguraturik, alaitasuna eta eskuzabaltasuna dute; Gorbeialdekoek, zuhaitzen eta basoen itzalean, nolabait, naturaren zaintza eta sakontasuna islatzen dute; eta Gasteizkoek aldameneko mendien bizi gogoa, hiri txikien diskrezioa eta bakartzea erakusten dute. Leku guztietan komunitate duinak eta emankorrak topatu ditut, eta une onak eta aberasgarriak oparitu dizkidate. Horregatik, beldur naiz kapitalismoaren garapenaren ondorioz, indibidualismoa eta lurrarekiko deskonexioa ezarriko ote diren gure herrialdean.
"Ez dezagun ahaztu kapitalismoak hazkunde infiniturantz jotzen duela beti"
Otsailean onartu zuten trantsizio energetikoari buruzko legea. Lege horretan lurraldeen erabileraren planifikazioaren "gobernantza" aldatzen da. Orain, egingo diren proiektuen mota eta kokapena goi-mailako erakundeek erabakiko dituzte; eta ez toki-erakundeek. Beraz, EAJk, PSEk eta EH Bilduk pentsatzen dute goi-mailako erakundeek hobeto zaintzen dituztela "interes orokorrak" herrietako udalen eta kontzejuen aldean.
Hala ere, nire ustez, goi-mailako erakunde horiek, gaur egun, ez dute hain argi "interes orokorra", eta boterea erabiltzen dute sistema eusteko. Ezin dugu ahaztu kapitalismoak hazkunde infiniturantz jotzen duela beti, planetako baliabideak mugatuak izan arren; eta horretarako "sakrifizio eremuak" sortzen dituztela, konplexurik gabe.
Apirileko EAEko buletinean argitaratu da Solariak Gorbeialdean eta Erriberabeitin hiru parke fotovoltaiko eraiki nahi dituela (373 hektarea eta 310.000 plakarekin), Zierbenera elektrizitatea bideratzeko. Ez da erraza asmatzea zer eragin izango duen gure herrietan halako instalazioak, baina ez du ematen etorkizunerako onura handirik ekarriko duenik. Agian erakunde gorenek erabaki dute Araba sakrifizio eremu bat izatea, enpresa energetiko handien mesedetan.
Halere badugu denbora hausnarketa kolektiboa egiteko eta benetan "interes orokorra" definitzeko; pentsatzeko zer motako bizilekua nahi dugun guretzat eta hurrengoentzat. Araba Bizirik mugimendua hor dabil, inurri lana egiten, lurrak eta mendiak zaintzen, eta izugarrizko boterearen aurka borrokatzen, ongi dakitelako bizi garen lekuak ematen digula garena. Finean gure ingurua deuseztatzen badute, gure izaera ere galduko da.
Ez diezaiegun utzi gure izaera sakrifikatzen.
Mati Iturralde
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.