Arg: Unsplah

"Halabeharrez gailenduko den isiltasunak noren alde egingo duen, hori dago jokoan"

Elhuyar hiztegiak adostasun ematen du zuzenbidearen arloan gaztelaniazko consentimiento hitzerako. Badakizue sexu-harremanak adostuak direla frogatzeko baiezkoa eskatzen duen legearen kontrako kanpainan ari direla batzuk.

Bai. Ez. Pentsa liteke hitz soilak direla biak eta burujabeak garela bata zein bestea aukeratzeko. Baina generoen banaketan, joera orokorra izan da emakumeak gizonen ardatzaren bueltan jardutea eta norberarena beharrean hurkoaren ongizatea lehenestea; eta unibertsoaren ordena naturala halakoa bailitzan, horrela bizitzeko espektatibarekin bizi da nahikotxo. Aspaldi da patriarkatuak emakumeon ezezkoa baldintzatu duela.

Testuinguru honetan, gizonezko askok arazoak dituzte ezezkoak jasotzeko, eta berdin, emakumeok zail izaten dugu ezetz esatea, gizonen espektatibak asetzeko hezi gaituztenez. Badakizue, ez ezazue giro jatorra ezezko batekin hondatu. Are, kasurik larrienetan, badakigu gure burua arriskuan jar dezakegula ezetz esanez gero.

Ez esateko espazio seguruak behar ditugu, irabazteko dauzkagu. Haien faltan, emakumeok ezetz esan ezingo dugun bakoitzean halabeharrez gailenduko den isiltasunak noren alde egingo duen, hori dago jokoan. Legean atzera egin nahi dutenek isiltasuna erasotzailearen alde baliatu nahi dute. Aldiz, adostasuna oinarrian dagoen artean, isilik geratzeak ez du emakumea kaltetuko.

Adostasuna aldarrikatzen du Virginie Despentesek 7K aldizkarian orain hilabete batzuk argitaratutako elkarrizketan, eta sexu-harremanen testuingurua gaindituta, jendartean bizitzeko oinarrizko printzipio gisa proposatzen du. Pentsa: ados al zaude egiten duzun lanarekin? Ordaintzen dizutenarekin? Nolakoak lirateke hartu-eman ekonomiko, sozial eta politikoak adostuak balira?

Garai berrietarako modu berriak adostuko al ditugu?

Gure Lopez de Arbina.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide