"Malda biologikoan behera egin ahala, ordea, pilaren mugak sentitzen ditugu, eta neurtzen ikasi behar izaten dugu".

Goizean goiz esnatu bezain laster, siestarako zenbat ordu geratzen diren kalkulatzen dut inoiz, lanegunetan batez ere, eta esnatu orduko dir-dir egiten duten pertsona horien inbidiatan izaten naiz. Hori da hori pila! Bakoitzak bat daukagu eta denak dira desberdinak, bistan da, pertsonak bezala. Niri, arrunt antzekoa egokitu zait.

Batzuei eguna ekin eta ekin pasatzeko indarra ematen die; beste batzuek hobeto funtzionatzen dute eserita hara-hona baino; gutxi batzuen pilak makal bizitzeko baino ez du ematen.

Gastatu bakarrik ez, etengabe kargatzekoa da. Lo sakon egiten dugunean, garbi jatean, gorputzari erritmoa ematean edota maite ditugunek animoa berotzen digutenean, pila betetzen sentitzen dugu. Logikaz, ezin daukaguna baino energia gehiago gastatu, bestela, akabo!

Jaio eta hainbat urtez, hazten gastatzen dugu energia. Pila daramagunik jakin gabe, indarrez sentitzen bagara zokoak esploratu, goseak bagara jan, inguruak ernegatzen bagaitu magalean atseden hartu eta nekatutakoan lo, besterik ez dago. Gaztetan indarra agortezina iruditzen zaigu, munduak iraultzeko modukoa, bizitzari aurrez aurre begiratzeko ausardia ematen diguna. Malda biologikoan behera egin ahala, ordea, pilaren mugak sentitzen ditugu, eta neurtzen ikasi behar izaten dugu. Muga topatu berri horien baitan egokitu ahal izateko bilatzen dugun horri esaten zaio oreka. 

Batzuetan iruditzen zaigu gure bizitzan ikasitakoaren emaitza dela, metatutako esperientziaren erakusgarria. Aldiz, merituaren erdia herdoiltzen ari zaigun gorputzarena delakoan nago, oinarrizko printzipio ekonomikoa frogatzen baitu: ez daukaguna ezin dugu gastatu. Urrezko garaiak berriro ikusiko ez dituen pilaz egin behar ditugu ordaindutako lana nahiz ordaindu gabea, eta gainera, denbora hartu behar dugu birkargatzeko mendian, korrika, lagunekin, gertukoekin goxo…

Gazte batek esan dit pertsonek pilak ez, bateriak jantziko lituzketela. Garai berriak, dilema zaharrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide