Europa: hain gertu, hain urrun

Europako Parlamentua, Estrasburgon. / Argazkia: DAVID ILIFF

"Kezkatzeko modukoa da europako funtzionamenduaz dugun ezjakintasuna."

Igandeak utzi zigun albiste benetan ona: ultraeskuindarrak ez dira garaile atera Europako hauteskundeetan. Sigla zehatzen arteko lehiatik harago, jokoan zegoen auzirik handiena europazaleen eta euroeszeptikoen arteko norgehiagoka zen. Bestela esanda, Europaren etorkizuna. Arrisku larri horrezaz jabetuta, hautesle europarrak lozorrotik esnatu eta azken 25 urtean  1994tik  izan den parte hartzerik altuena lortu zen.

Araban ere antzera gertatu da, baina orain izandako mobilizazio handiagoaren arrazoia ez da, seguru asko, Europako ultraeskuindarrei aurre egitea. Oraingo deialdian bertako beste bi hauteskunde motekin bat egiteak asko apalduko zuen abstentziorako ohiko joera. Beraz, arrazoia ez ziren izan, zoritxarrez, Europarekiko dugun interesa eta kezka. Izan ere, normalean arabarron erdia baino gehiago abstenitu ohi da Europako kontsultetan; adibidez, 2014an abstentzioa %57,3koa izan zen eta 2009an %60,5ekoa.

Normalean arabarron erdia baino gehiago abstenitu ohi da Europako kontsultetan.

Horren parte-hartze urriak agerian uzten du zein gutxi arduratzen garen Europako funtzionamenduaz eta erabakiez. Hauteskunde mota horrek ez du gure interesik pizten eta, ondorioz, guk ez diogu mereziko lukeen arretarik eskaintzen. 

Egia da Europako lehia elektoralaren ezaugarri batzuk ez direla oso erakargarriak. Batetik, bertako hautagaiak zein gure botoak Estatuko haize-boladan lurruntzen dira. Bestetik, Europako erakundetzea korapilatsua ez ezik, muga demokratikoak ere baditu. Horrek guztiak ez du pizten botoa emateko inolako sugarrik. Guretzat, urrun dago Europa.

Hala ere, kezkatzeko modukoa da Europako funtzionamenduaz dugun ezjakintasuna. 1987an botoa emateko lehenbiziko aukera izan genuenetik 22 urte igaro diren arren, oraindik ez gara jabetu gure bizi-baldintzak Bruselan edota Luxenburgon neurri handian erabakitzen direnik. 

Europar Batasuneko politikek pertsonen, produktuen, zerbitzuen eta kapitalaren zirkulazioa arautzen dute; Justizia irizpide bateratuak bultzatzen dituzte; merkataritza, nekazaritza eta ingurumena kontrolatzen dituzte; hainbat lurraldetan moneta bera –euroa  partekatzen dugu; eta abar. Araban ditugun bizi-baldintzetako asko (%80 inguru, agian?) Europan erabakitzen dira. Europa oso-oso gertu dugu; gure eguneroko muineraino sartuta.

Igandeko hauteskundeek izan dituzten emaitzak ikusita, ukaezina da arabarrok, papeleta-kolore bat edo beste baliatuz, parlamentari europarzaleen alde egin genuela; ez genituen inondik inora Europa zalantzan eta auzitan jartzen dutenak babestu. Baina, oso litekeena da Europako hurrengo hauteskunde batzuetan abstentzioak, berriz ere, gora egitea, eta etorkizuna kolokan jartzeko arriskua berragertzea.

Europarekiko gure jakin-mina eta ardura areagotu ezean, atzera bueltarik gabeko etxekalte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide