Iritzia

Izotz-kubotxoak

Erabiltzailearen aurpegia Eduardo Arriolabengoa Abasolo 2022ko abu. 14a, 12:31
Argazkia: openphoto.net

"Zer egiten ari gara beharrezkoa den edateko uraren eskasiaren benetako arazoa bideratzeko?"

Konfuziok zioenez, jakintsuak ilargia hatzarekin erakusten duenean, hatzari begiratzen dio ergelak. Maiz jokatzen dugu horrela, arazoari aurre egin beharrean -ilargia-, edozein txorakeriari heltzen diogu -hatza- , edozein aitzakia erabiliz.

"Arazo nazionala: alferrikakoa dena, beharrezkoa bihurtua; funtsezkoa ez dena, ezinbestekoa bilakatua"

Aurtengo uda berotsuan, izotz-kubotxoaren eskaera aurreko udakoarenak baino handiagoa izaten ari delako, edo ekoizleek udara begira neguan ekoiztu ohi duten izotz stocka gutxitu delako argindarraren prezioaren igoeragatik, izotz-kubotxoen ekoizleek ez omen dute ahalmen nahikorik izan eskaerari aurre egiteko. Arazo nazionala: bezeroek arduratsu ezingo dutelako kalimotxoa pare bat izotz-kubotxokin dastatu, tabernariak salmentek behera joko ote duten beldur eta izotz ekoizleek zoratuta ezin dutelako erantzunik eman leku guztietatik jasotzen ari diren eskaerei. Arazo nazionala: alferrikakoa dena, beharrezkoa bihurtua; funtsezkoa ez dena, ezinbestekoa bilakatua; ilargiari begiratu beharrean, haserre hatzari begira. Zer egiten ari gara beharrezkoa den edateko uraren eskasiaren benetako arazoa bideratzeko? Ilargia, ez hatza; ura, ez izotz-kubotxoak.

"500 milioi gizakira murriztuko gara, han goian bizitzen, Artikoan"

103 urterekin hil da joan den uztailaren 26an James Lovelock medikua, meteorologoa, kimikaria, asmatzailea, eta Gaia hipotesiaren sortzaile ingelesa. Hona hemen berak esandakoa: “Benetako arazoa da jendeak ez duela ingurumenaren egoeraren ardura hartu, eta orduan, esateko, Gaiak hartu duela bere gain ardura hori. Narriadura urrunegi joan da eta orain sistema momentu kritiko horietara arin mugitzen ari da. 500 milioi gizakira murriztuko gara, han goian bizitzen, Artikoan. Eta berriro hasi beharko dugu”.

Bestalde, Klima Aldaketari buruzko gobernuen arteko adituen taldeak (IPCC) argitaratu berri duen txostenak argi utzi du, batetik, tenperaturaren igoeraren erantzukizuna gizakiarena izan dela. Gainera, orain arte atmosferara isuritako berotegi-efektua duten gasen eragina itzulezina da, nahiz eta gaurtik aurrera isurketak zerora jaitsi. Hemendik aurrera, CO2 isurketen gutxitze aldera orain arte hartutako neurriak baino zorrotzagoak eta ausartagoak hartu ezean, 2030 urterako, hipotesi baikorrenean, eta espero zenaren aurka, industriaurreko garaiko tenperatura baino 1,5 gradu altuago izango omen da. Baina gurean, itxuraz, izotz-kubotxoaren eskasia da arazo nazionala.

"Klima aldaketak heriotza eta gosea zabaldu ditu urrun diren Afrikako hainbat herrialdetan"

Zergatik ez du dugu ingurumenaren egoeraren ardura gure gain hartu, eta, bai ordea, COVID pandemiaren gainekoa ? Negutegi-efektua sortzen dituzten gasen isurketen eraginen abiadura motela da, sakona eta atzeraezina, bai, baina urteetan zehar luzatzen ari dena. Pandemia ziztu bizian zabaldu zen munduko mutur batetik beste muturreraino eta, itxuraz, bi urte eta erdi nahikoak izan dira gainditutzat jotzeko. Pandemiaren eragina agerikoa izan da: heriotzak, gaixoak edo ospitaletako kolapsoa hurbiletik ikusi ahal izan ditugu; zuzenean ukitu gaitu gu edo gure familiako norbait. Ez da gauza bera orain arte gertatu klimaren aldaketaren ondorioekin. Beldurra sortu zuen pandemiak, heriotzaren eta kutsaduraren mehatxua gainean genuelako. Aldiz, klima aldaketak heriotza eta gosea zabaldu ditu ikusi ez nahi dugun eta urrun diren Afrikako hainbat herrialdetan.

Berehalakotasuna eta hurbiltasuna izan dira pandemiaren berezitasunak, moteltasuna eta urruntasuna berriz klima aldaketarenak. Gure azalean sentitu dugu birusaren eragina, sortu duen beldurra. Prest egon gara, heriotzaren edo gaixotasunaren beldurraren eraginpean, uko egiteko gure mugitzeko askatasunari. Baina ez gaude prest beharrezkoa ez denari uko egiteko, izotz-kubotxoei adibidez, edo, orokorrago, gizarte kontsumista honek eskaintzen digun bizimodu jasangarri ezinari. Klima aldaketaren eragina urrun ikusten dugu, ez dagokigun arazotzat hartuz.

Ez dakigu Lovelock jakintsuaren aipatutako esaldia profeziatzat hartu edo gehiegikeriatzat jo, baina IPCC txostenak esan diguna ohar seriotzat hartu beharko genuke. Klimaren aldaketaren aurrean gaudela ukaezina da eta ez da, batzuek diotenez, Klimaren eta Meteorologiaren arteko nahasketa sasizientifiko bat. Ilargia edo izotz-kubotxoak?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide