Arg: AEK

Ez dut uste Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak 1980. urtean Arantzazun lehenengo Korrikari hasiera eman zionean, gaur egun lortu duen babesa eta erantzuna esperoko zuenik.

Karmele Jaiok Korrikarako idatzitako mezuaren hasierak dioenez, herri honen eztarritik ateratako irrintzi bat da Korrika. Iparralde zein Hegoaldeko 2.400 kilometrotan zehar hamar egunetan milaka eta milaka lagunen euskararen aldeko aldarrikapena, irrintzia. Aitortu beharra dago parte-hartze itzel hau, antolamenduaren zailtasuna, logistikaren konplexutasuna, jendartearen giro alaia, euskararen aldeko deiadar ozena, munduaren beste muturretan oihartzuna duena, dela New Yorken edo Txinako harresian. Festa, erreibindikazioa, berrezpena, babesa, borondatea, sentimendua. Ez dut uste, Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak 1980. urtean Arantzazun lehenengo Korrikari hasiera eman zionean, gaur egun lortu duen babesa eta erantzuna esperoko zuenik. Hitz-ekin izan da aurtengo Korrikaren lema: hitz egin, hitzarekin ekin, euskaraz ekin. Ekin euskara ikasteko, ekin euskara eguneroko bizitzan erabiltzeko, ekin "euskara ez delako daukagun zerbait, garen zerbait baizik!". Ezaguerarena eta alfabetatzearena izan baziren orduan euskarak zituen ahuldaderik nabarienak, ekin horren beharra du gaur euskarak, erabilerarena delako gaur euskarak duen akatsik larriena.

Korrikaren garrantzia ezin da ukatu, ekimen sortzaile izatetik fenomeno kulturala bihurtu delako, herri honen eztarritik ateratako irrintzi ahaltsua delako. Erabat ados. Hala ere, nire susmoa da ez ari garen gure buruari iruzur egiten, gure eguneroko euskararekiko jarrera zuritzen, zarata honekin intxaurren uzta kaskarra estaltzen. "Ekin" horrek bultzatu beharko gintuzke gure hizkuntzaren ezaguera eta erabilera indartzera, eguneroko bizitzan euskaraz hitz egitera, entzutera, ikustera, irakurtzera, idaztera. Nahiago dut euskaraz ikasten edo euskaraz diharduen bat, Korrikan kilometrotxoa eginda gero, euskara ahazten duten hamar baino; umeekin eta beraien artean euskaraz bizi den bikotea nahiz eta Korrikan parte ez hartu, umeekin bai baina beraien artean euskaraz hitz egiten ez duten eta Korrikan parte hartu duten hiru bikote baino; belarri-prest funtzionario bat, zortzi euskal abizenekin harro sentitzen den baina gaztelaniaz hitz egiten duena baino. Ekinean dago gakoa.

Euskaraldia moduko ekimenek bide horretatik jo nahi dute: jarrerak aztertu, ohiturak aldatu, euskararen presentzia areagotu, asertibitatea indartu, "euskara ez delako daukagun zerbait, garen zerbait baizik" mezuaz jabetu, koherentziaz jokatu. Bi ekimen osagarriak, Korrika eta Euskaraldia, biak garrantzi handikoak. Ez gaitezen gera lehenengoarekin bakarrik, biekin batera egin beharko dugu bidea eta. Badira urteak Mintzalagun programan parte hartzen ari naizela. Bi motatako mintzakide bereiziko nituzke nik mintzakideen artean: euskara ikastera bultzatuak izan direnak funtzionario direlako edo funtzionario izateko prestatzen ari direlako, batetik, eta, bestetik, euskarara hurbildu direnak euskaldun nahi izan dutelako beste inongo presiorik gabe. Bigarren taldekoak dira gehien miretsi ditudanak: Goio, Zuriñe, Joseba, Idoia, Marixa, Begoña... Gogoan dut Irene Vallejok idatzitako eta Fernando Reyek euskaratu duen Infinitua ihi batean liburu zoragarrian irakurri dudan Kristo aurretik 436. urtean Atenasen jaiotako Isokrates hizlari, politiko eta hezitzaileak idatzita utzi zigun esaldi hau: "Guretzat greziarrago dira kultura gurekin konpartitzen dutenak odol bera dutenak baino". Bat nator greziar pentsalariarekin, hizkuntza delako kultura baten ezinbesteko oinarria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide