Legutioko udal gobernuaren "neurri murriztaileak" salatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2023ko ira. 7a, 18:41

Udaletxeko balkoitik zenbait pankarta kendu dituztela salatu dute. Argazkia: ALEA

Besteak beste, udaletxeko balkoitik zenbait pankarta kendu edota osoko bilkurak goizetan jartzea erabaki du talde berriak.

Legealdia hasi berri, Legutioko EAJ-PSEren udal gobernuak hartu dituen lehendabiziko neurriak salatu ditu oposizioan den EH Bilduk. Erabaki horiekin, gai garrantzitsuetan "atzera" egin dutela esan du taldeak ohar batean: "Hala nola herritarren parte hartzean, indarkeria matxistaren aurkako borrokan, informazio eskubidean eta baliabide publikoen kudeaketan".

EH Bilduk azaldu duenez, besteak beste, tokiko gobernu batzordea eta bederatzi udal batzordeak EAJ eta PSEren esku geratu dira, eta, ondorioz, oposizioa kanpoan utzi dute. Halaber, oposizioko taldeei administrazio eremura sartzea debekatu zaiela esan dute, baita udal teknikariekin harremana izatea ere. Gainera, herritarren parte hartzea "oztopatzeko" neurria hartu du udal gobernuak; aurrerantzean, osoko bilkurak 09:00etan izango dira, arratsaldez beharrean, "beraz, herritarrek eta Administrazio Batzarrek zailtasun handiagoak izango dituzte parte hartzeko".

Salaketa zerrendaren artean, gainera, udaletxeko balkoitik zenbait pankarta kendu dituztela kritikatu dute; hain zuzen, indarkeria matxistaren aurkako pankarta bat eta euskara sustatzearen aldeko beste bat, "hori guztia 35 emakume biktima dituen urte honetan eta gure hizkuntzaren erabileraren kontrako etengabeko eraso judizial bat egonda".

Nerea Bengoa alkateak, halaber, urtean 46.946 euro kobratuko dituela nabarmendu dute, eta 42.251 euro izango dituela gobernu taldeko zinegotzi gehiago erabat edo partzialki liberatzeko. "EH Bilduren ustez, Legutiok merezi du herritarren parte hartzea eta baliabideen kudeaketa egokia dituen udal bat".

Horiek guztiak eztabaidatzeko bilera deitu du koalizio abertzaleak hilaren 16rako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide