ZIGOITIA EUSKARAZ

Euskarak jantziko du Zigoitia

Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 06:00
Bigarren urtez, herri bazkaria eta erromeria egingo dituzte Muruko harrobietan. ZIGOITIA EUSKARAZ

Urtero bezala, ikasturte berriarekin batera, Zigoitia Euskaraz eta Mairuelegorretako Euskal Jaia datoz ospakizunen egutegia astintzera. Iraileko lehen bi asteburuetan denetariko jarduerak izango dira. 

Iraileko lehenengo bi asteburuak gorde dituzte zigoitiarrek euskaraz antolatutako ekintzekin gozatzeko: kirol jarduerak, dantzaldiak, bertso-saioa, emanaldiak eta Mairuelegorretako Euskal Jaia izango dira.

Iazko formatuarekin jarraituta, aurtengo Zigoitia Euskaraz bizikleta martxarekin hasiko da, irailaren 2an, Zaitegin hasi eta bukatu egingo dute. Ondoren, DJ Kaktusen bisita jasoko dute, eta Lantzean Behin taldearekin dantzan egiteko aukera ere egongo da.

Irailaren 3an, Eriben, Zigoitiko toponimiaren inguruko bisita gidatua izango dute, Abadelauetakoen eskutik, eta, ondoren, Mairu abesbatzakoen emanaldia elizan. Irailaren 8an, berriz, Sergio Azkarateren 'Amaiur' filmaren aurrerapena eta solasaldia izango dituzte, Ondategiko zentro soziokulturaleko aretoan.

Bukatzeko, irailaren 10ean, egun osoko festa egingo dute Zigoitian. Goizean, Mairuelegorretako haitzuloko Euskal Jaia izango da; eta ondoren, bigarren urtez, Muruako harrobietan egingo dituzte herri bazkaria eta erromeria. Larrain Dantza, Xubton Stilt taldearen kontzertua, eta Joxe Mendizabalekin erromeria izango dira. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide