Festikalek hamar urte bete ditu

Erredakzioa 2023ko uzt. 7a, 08:39
'El funeral', Teatro Che y Moche taldearena, uztailaren 15ean aurkeztuko dute, Zigoitiko kultura etxean. Argazkia: TEATROCHEYMOCHE

Landa eremuko kale antzerkiaren jaialdiaren hamargarren edizioa uztailaren 13tik 16ra egingo da, Zigoitian. Zortzi txotxongilo talde eta zenbait musika talde gonbidatu dituzte ospakizunera

Festikale Landa Inguruneko Arteen Jaialdiak hamar urte beteko ditu 2023an, Panta Rhei antzerki talde antolatzaileak 35 urte beteko dituen urte berean. Edizio honetan, "txotxongiloaren arte unibertsala, horren sortzaile txotxongilolariak, eta batez ere, oraingo eta etorkizuneko publikoa" omendu nahi izan dituzte antolatzaileek. Hala, Bengolarra parkearen, frontoiaren eta Zigoitiko kultur etxearen artean banatuko dituzte zuzeneko musika, zinema, antzerkia, instalazio interaktiboak, txotxongiloak, zirkua eta antzerki musikala; eta Galiziako, Kataluniako, Aragoiko, Andaluziako eta Euskal Herriko zortzi konpainia aitzindari izango dira lau eguneko programan.

Climent Ribera aktore eta idazleak eta Nuria Gomez aktoreak osatutako La Swanson konpainia katalanak zabalduko du X. Festikale jaialdia, ostegunean, uztailaren 13an, La Flor de l'Autopista lanarekin. Hilerri batera eramango dituzte ikusleak. Bertan, bi pertsonaiek topaketa bat egingo dute, bizitzari eta heriotzari buruzko elkarrizketa hutsalez betea, eta, azkenean, bat-bateko afari batean konplizitate eta aitorpen batzuk sortuko dira. 20:00etan izango da emanaldia, Zigoitiko kultur etxean.

Ostiralean, berriz, jaialdiaren inaugurazioa, DJ Kaktusen eskutik etorriko da. 18:00etan, Bengolarra parkean, txikienek salto eta dantza egingo dute, lurrean kaktus bat izango balute bezala. Ordu erdiko dantza eta koreografien ostean, Titeres Cachirulo konpainia galiziarraren Cachimovil antzerki gurpilduna eszenan sartuko da. Ordubete berranduago, 19:30ean, Ameztu antzerkiak ausarta, bihotz onekoa eta bio-abenturazalea den Mr. Natural barazki eta fruta jalea aurkeztuko du, Organik obraren bueltan. Zirkozaurre konpainiak itxiko du eguna, Kobr3 zirko garaikide ikuskizunarekin; 21:00etatik aurrera izango da hori, Bengolarrako frontoian.

Larunbateko antzerki saioak La Gotera de Lazotea txotxongilo konpainiak irekiko du, La mata de la albahaca familia osoarentzat prestatutako obrarekin; 18:00etan izango da andaluziarren emanaldia, Bengolarra parkean. 19:00etan, berriz, Los Titiriteros de Binefar taldearen aukera izango da. Jauja kontzertu eszenikoa aurkeztuko dute, eta La Bamba edo Guantanamera kanta ezagunen doinuekin, gurasoak eta umeak dantzatzen eta kantatzen jarriko dituzte. 20:00etan, berriz, Bucraa Circus taldekoek El gran final clown ikuskizuna antzeztuko dute, parkean; eta gauean, 21:15ean hain zuzen, Zigoitiko kultura etxean, Teatro Che y Moche konpainiak El funeral publiko guztientzako antzerki eta musika lana erakutsiko du.

Igandean, Festikaleren azken eguna ixteko, blues doinuak zabalduko dira herrian. B3 Dixieland taldea gonbidatu dute antolatzaileek, 13:00etatik aurrera, Artzegi tabernaren aurrean, New Orleans-eko doinuekin, marianitoaren ordua alaitzera. Bestalde, lau egunetan, txotxongiloen antzerki txikien erakustaldi interaktiboa ikusgai egongo da Zigoitiko kultur etxean, Titeres Cachirulo konpainiak Cronopios a escena bataiatu duena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide