Zigoitia Euskaraz Eguneko bazkaria eta erromeria, Muruako harrobietan

Erredakzioa 2022ko ira. 5a, 20:00
Mairuelegorretako euskal jaiaren aurreko edizio bat. / ALEA

Igande honetan ospatuko da Zigoitia Euskaraz Eguna. Bidelapurrak taldearekin batera, txalapartariek, bertsolariek, dantzariek eta Ane Gebarak girotuko dute Mairuelegorretako jaialdia. Ondoren, bazkaria eta erromeria egingo dira Muruako harrobietan.

Pandemiak markatutako azken bi edizioen ostean, betiko xarmarekin itzuliko da Zigoitia Euskaraz Eguna datorren igandean, irailaren 11n, hilabete osoan zehar antolatutako egitaraua borobiltzeko.

Egun handiaren egitaraua 11:00etan hasiko da,  Mairuelegorretako haitzuloko euskal jai irrikatuarekin. Bertan arituko dira Zigoitiko txalapartariak, Irati Anda eta Ekaitz Samaniego bertsolariak, Bidelapurrak taldea, Ane Gebara ipuin kontalaria eta Oketa Alai dantza taldea. Gainera, Ezpatadantzarekin borobilduko dute ikuskizuna, Jare Dantza Taldearen eskutik.

Ondoren, jaialdia Muruako harrobietara mugituko da, bertan izango baitira aurten herri bazkaria eta erromeria; eguraldi txarra eginez gero, jarduerak Bengolarra frontoian egingo dira. Bazkaria 14:30ean hasiko da, eta paella, oilaskoa (begetarianoentzat, alberjinia beteak) eta kafea izango dira menuan.

Txartela aldez aurretik eskuratu beharko da Zigoitiko kultur etxean, osteguna baino lehen. Helduek 18 euro ordaindu beharko dituzte, eta umeek, berriz, 12 euro. Edatekoa eta postrea ez dira prezioan sartzen, eta aparte erosi beharko dira, txosnan eta izozki-postuan. Gainera, antolatzaileek ohartarazi dute ez dela mahairik eta aulkirik egongo, eta etxetik eramateko deia luzatu dute.

Bazkalostean, berriz, Larrain Dantzaren ikuskizuna (Jare taldeko dultzaineroekin), Bitxiloreak eta Soilik taldeen kontzertuak, eta Joxe Mendizabalekin erromeria izango dira.

Harrobietara sartu ahal izango den auto kopurua mugatuta egongo da, eta edukiera betetzen denean ezin izango dira auto gehiago sartu. Beraz, gutxienez lau lagun joan beharko dira auto bakoitzean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide