UNAI GUTIERREZ, ZUIAKO ALKATEA

"Ikastetxe berria izango dugu"

Juanma Gallego 2022ko mai. 21a, 06:00

Gutierrezek oraindik ez du argi laugarrenez bere burua aurkeztuko ote duen. ALEA

Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako eraikin berriak egiteko, udalak erositako lurrak Jaurlaritzari lagako dizkiola iragarri du Gutierrezek.

Tunelaren amaierako argia atzematen da aspalditik zuiarren artean buruhauste ugari sortu dituzten bi arazotan: hezkuntza eta etxebizitza. Batetik, Hezkuntza sailarekin izandako negoziazioek azkenean ikastetxe berria eraikitzea ahalbidetuko dutela aurreratu du Unai Gutierrez Urkiza (Gasteiz, 1979) Zuiako alkateak. Bestetik, Jaurlaritzarekin adostu dute alokairu sozialari bideratutako etxebizitzak eraikitzea.

Villa Jesusa etxearen inguruan proiektu batean ari zarete. Zer egin nahi duzue bertan?

Udalaren gogoan egon da aspalditik eremu hori eskuratzea, herritarrek horretaz gozatu ahal izan dezaten. Ia zortzi urte eman ditugu etxe horretako jabeekin negoziatzen. Hitzarmen bati esker, lorategi publiko bihurtuko dugu. Horren jabe izan garen arte ez gara jabetu benetan hor dugun altxorraz. Etxe indianoa izanik, bertako zuhaitz guztiak bereziak dira, eta balio handikoak. Noaingo [Nafarroa] Zentzumenen Parkea diseinatu duen paisaia teknikariarekin lanean aritu gara, leheneratze lanetan bertan dagoen mikroklima ahalik eta gehien errespetatzeko. Bestela, bertako edozein elementu kentzeak ekosistema hori desorekatzea ekar lezake. Bertan dagoenaren %98 mantendu dugu. Landare aromatikoak, udalerrikoak eta sukaldean erabiltzen direnak ere sartuko ditugu. Mantentze lanak udalarenak izango diren arren, gure asmoa da saiatzea bertoko herritar talde ireki batek gune horren kudeaketan parte hartze aktiboa izatea. Urrirako irekita egotea nahiko genuke.

"Villa Jesusako lorategia erosi dugunean, bertan dagoen altxorraz jabetu gara"

Etxeari berari dagokionez, oraindik ez da udalarena, ezta?

Hitzarmen horretan zehazten da udalak etxe hori ere erosiko duela, baina oraindik hitzarmenean zehaztutako beste hainbat urrats egin behar dira. Zaharberritu ondoren, asmoa da etorkizunean bertan Zuiako Kultur Etxea kokatzea. Horrek denbora gehiago emango du, noski. 

Hirigintza plan orokorrean ere bete-betean sartuta dago udala. Zeintzuk izango dira lerro nagusiak?

Egia esanda, HAPOa oso ezezaguna den tresna bat da, baina oinarrizkoa da egunerokotasunean jarduteko. Arau horien arabera egin ahalko dira gauzak modu batean edo bestean. Uztailaren 4ra arte dokumentazioa jendaurrean ikusgai egongo da, edozein pertsonak edo kolektibok alegazioak aurkeztu ahal izateko. Lerro nagusiei dagokienez, %70-80 udaletik gorago dauden erakundeek zehazten dute. Baina gure ideia da zorua ekonomizatzea. Adibidez, lursail txikiago batekin etxebizitza bat egin ahal izatea. Orain arte herri batzuetan 1.250 metro karratu behar zenituen etxe bat eraikitzeko; 600 metrotara jaitsi dugu. Kontua ez da asko eraikitzea, etxebizitza bat egin nahi duenak lur gutxiagorekin egin ahal izateko aukera ematea baizik. Hori da udalerri gehienetan dagoen joera orokorra. 

"Hitzarmen bat sinatuko dugu alokairu sozialeko 15 bat etxebizitza eraiki daitezen"

Ez da erraza Zuian etxebizitza bat izatea…

Ez da erraza, ez. Eta aspaldiko arazoa da hori. Hemen geratzeko, gazteek etxebitza bat behar dute, baina horien prezioa oso altua da, eta dagoen alokairu apurra ere oso garestia da. Etxebizitza sozialak eraikitzeko genituen proiektuek talka egin dute hainbat araudi eta hirigintza arazorekin, eta horrek ekarriko du proiektu horiek luzatuko direla. Dena dela, Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, eta aurreratu ahal dizut hemendik hilabete batzuetara hitzarmena sinatuko dugula Sarriarekiko bidegurutzean dagoen parkingean alokairu sozialerako etxebizitza eraikitzeko. Hamabost bat etxebizitza izango dira. Bertan dagoen aparkalekua kentzean, arazo bat sortuko zaigu, baina premiazkoagoa iruditzen zaigu etxebizitzak eskaintzea, aparkatzeko lekuak bermatzea baino. Horri irtenbide bat bilatuko zaio.

Aspaldikoa arazoa da ere ikastetxea oso mugatuta dagoela. Aurrerapenik al dago auzi horretan?

Bai, 11 urte daramagu gaiarekin. Iaz tirabira askoko negoziaketak izan genituen Jokin Bildarratz sailburuarekin. Tira, ba arlo honetan ere nobedadeak ditugu. Jakin badakit Hezkuntza saila lanean ari dela ikastetxe berria eraikitzeko. Aurrekoan egin genuen bezala, datozen hilabeteetan udalbatzan onartuko dugu Bitorianoko bidegurutzean udalak erositako lurrak Hezkuntza sailari lagatzea, bertan Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako eraikin bana eraikitzeko. Bestetik, orain Pauldarren eraikinean ematen den Bigarren Hezkuntzak utziko duen hutsunea estaltzeko, lanbide heziketan sorospen eta babes zibilarekin harremana duen hezkuntza alor berria jartzeko asmoa du Jaurlaritzak. Orain suteen eta halakoen aurka dauden erreten talde horien jarduna nolabait profesionalizatu nahi dute.

Azken hilabeteotan udalak behin baino gehiagotan salatu du bereziki Murgian izandako bandalismoa…

Bai, asteburuetan bandalismo altua izan dugu hiri altzarien aurka. Gainera —eta horiek justifikatu gabe— ez da borroka edo aldarrikapen sozial baten ondorioa izan: modu indiskriminatuan egiten da; hau da, apurtzea apurtze soilagatik. Ez dakit zer motibo dagoen horren atzean, edo pandemiagatik izan ote den, baina ez da soilik Zuian gertatzen den kontua. Urtebete daramagu lanean bi kale hezitzailerekin, bai ikastetxeetan zein kalean bertan. Komunitate eta partaidetza sentimenduak landu nahi ditugu, gazteenetatik hasita.

Konpostajearen inguruko hainbat proiektu garatu dira udalerrian. Horrekin lortu al da zerbait? 

Batez ere banako konpostajean zentratu gara, etxe gehienak familiabakarrak direlako. Orotara,  150 konpostagailu banatu ditugu, eta pisuetan bizi direnentzat ere bi konpostagailu komunitario martxan jarri ditugu. Erraz ikusten da konpostagailua erabilita asko murrizten dela zaborrontzira eramandako zabor kopurua. Orain zabor sortzaile handietara jo nahi dugu: ikastetxea, jatetxeak, zahar etxeak… zaila izango da hauek sortutako kopuruak konpostaje bitartez tratatzea, baina horien tratamendua ahalik eta gertuen egin nahi dugu. Bestetik, aurrekontu parte-hartzaileen bitartez jasotako proposamen bat lantzeko asmoa genuen, hondakin handiak biltzeko puntuen inguruan kontzientziazioa handitzeko. Baina azkenean ez dugu egingo, hitzarmen baten bitartez lortu nahi dugulako diputazioak hondakin handi horiek jasotzeko puntu bat jartzea. Kuadrilla guztietan dago halako bat, baina hemen ez daukagu.

Maila pertsonalean, zelan daramazu?  Laugarrenez aurkeztuko duzu zure burua?

Bizigarri berria behar dela uste dut; baina… tira, momentuz ez dut horren gaineko erabakirik hartu. Urtearen amaieran edo erabaki beharko dut. Baina edonori gomendatuko nioke esperientzia hau. Hamabi urte hauetan askoz gehigo izan dira esperientzia onak, txarren aldean. Egia esanda, EH Bilduren partez aurkezteko proposatu zidatenean, ez nuen buruan alkate izango nintzenik. Hasierako urteak gogorrak izan ziren, uneoro erabateko prestutasuna nuelako, eta horrek hainbat arazo ekarri zizkidan. Gero pixkanaka ikasi dut hori hobeto kudeatzean. Halere, 24 orduko dedikazioa da hau.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide