Kepa eta Abel Enbeitarekin Abornikanoko errotan gelditu gara bazkaltzeko. Muxikan (Bizkaia) sortu eta 1969an etorri zen Arabara Kepa anaia eta bien emazteekin. Tarteka Kepa batu zaigu, eta berarekin aurrerago beste elkarrizketa bat egitekotan alde egin dugu.
1942an sortu zinen Ormetxe baserrian, ze harreman zenuten enbeitatarrek euskararekin?
Etxean euskara besterik ez zen egiten, baina euskara bera ere zuzen erabili behar zen bestela... Ni gogoratzen naiz anai bat aitari joan eta "aita, auzoko batek jo dit", eta aitak pla belarrondo bat eman, eta "orain joan beragana eta zuk ere jo bera!". Gure auzoan esaten zen bentanea, tenedora, baina etxean leihoa esan behar zen, lauhortza....
Lan asko egin behar izan zenuen umetan?
Bai, Kepa anai zaharrena nik sei urte neuzkala joan zen fraide, eta nik ondotik 5 anaia-arreba neuzkan –bat umetan hil zen–. Eskolatik irten eta korrika etxera laguntzera, bestela zigorra. Eskolan sei urterekin hasi nintzen, eta maisuak esaten zuena ulertu ez. Errekreoan euskaraz egitea ere galarazita geneukan. Orduan ematen ziguten botoi bat; bati ematen zioten txibatoarena egiteko, hark euskaraz entzuten zion lehenengoari ematen zion, eta hark besteari, eta eskolara sartzerakoan zigorra zegoen: liburuak esku zabalik ataurrean jarri, edo erregelarekin atzamar puntak jo... Nik egun batean teilatura bota nuen. Maistrak galdetu zidanean non zegoen, "nik teilatuan!". Zigor bikoitza jarri zidan. Goizero lehenengo-lehenengo maistrak ateratzen zuen bandera espainiarra, eta eskua gora jaso eta Cara al Sol kantatu behar. Sekula ez dut ikasi, eta jadanik ez dut ikasiko.
Eskolan sei urterekin hasi nintzen, eta maisuak esaten zuena ulertu ez. Errekreoan euskaraz egitea ere galarazita geneukan.
Zertan jolasten zenuten?
Anekdota bezala: judoa japoniarrek ez zuten asmatu. Areatzako eskolan judoa guk egiten genuen, "azpira botatzera" deitzen genion. Elizaren ondoan eskuma aldetik harrizko aulki luze bat dago, eta han egiten genituen txapelketak, batak bestea botatzen zuen, eta hura kanporatua. Behin, azaldu zen Don Marzelo apaiza, eta beste guztiek fiu! hormaren gainetik ospa; borrokatzen ari ginen biok ere bai, baina bandolerak eramaten genituen guk, etxean josiak eskolako gauzekin, eta hantxe ahaztuta utzi genituen. Inoiz ez dut holako buruko minik eduki: hark belarrietatik heldu, eta buruak elkarren kontra jo; ez dakit izarrik gelditu zen zeruan gure aurretik pasatu gabe.
Anaia zaharra zegoen lekura, Arantzazura joan nintzen 12 urterekin. Fraideek engainatuta joan nintzen: han frontoiak zeudela, han mendia zegoela, hura paradisua zela.
Umea zinela apaiztegira joan zinen Arantzazura?
Orduan fraideak etortzen ziren eskoletara bezero bila. Nik denei baietz esaten nien, gure aitak ezetz, anaia zaharrak alde eginda ni zaharrena nintzen, eta laguntza behar zuen. Baina, azkenean, anaia zaharra zegoen lekura, Arantzazura joan nintzen 12 urterekin. Fraideek engainatuta joan nintzen: han frontoiak zeudela, han mendia zegoela, hura paradisua zela. Baina gero, han, frontoiak bai, eta pilotan jolastu nuen bai, baina hango diziplina, euskaraz egitea galarazita... Idazten ikasi nuen eta idazten nuena ulertzen ez. Pianoa ikasteko ilusioa neukan, baina lehengo urtean erdara ondo ikasi gabe, notak ez zidan eman pianorako. Bigarrenean, erdara hobeto, baina pianoaren ordez mekanografia eman zidaten, eta gorrotatu nuen. Peio Zabala eta biok urte berekoak gara, eta begira ze organista den, Juan Mari Torrealdai ere gure urtekoa zen. Erdara ondo ez jakiteak gutako asko mugatu gintuen. Arantzazuk euskararen aldeko apostolu batzuk izan ditu, baina Arantzazu bera ez da izan euskaltzalea.
Eta ondoren?
Foruara eta Zarautzera. Zarautzen lehenengo tokatu zitzaidan lana el humildero izan zen: iratzarri eta banan-banan fraideak esnatu, garbiketa egin, esklabo baten lanak. Behin lagun batek eta biok Comesantos esaten genion bati eman genizkion silizioak bizkarrean, hark kexua sartu eta zigorra jarri ziguten fraide guztiei oinetan muin ematea. Kapela jarri, erantzi, erreberentzia egin, muin eman; itzuli guztia. Horrela nindoala fraide batek aurpegian eman zidan ostikoa, negarra eta odola atera zitzaizkidan. Handik astebetera berriz zigortu ninduten, eta fraide harengana iritsi nintzenean krak kosk egin nion oinean. Gora begiratu eta negarra zuen begietan, baina hitzik ez zuen esan.
Sei urte fraideekin, zelan irten zinen handik?
Handik aterata, uste nuen mundua jango nuela, eta munduak krak jan ninduen ni: ezin nuen kendu kutsu hura, lotsa, ez dakit nola azaldu, nik uste nuen ez nintzela gai, kalekoak espontaneoak ziren eta ni ez... Ia urtebete ezin egokituz ibili nintzen.
Eta jende aurrean bertsotan noiz hasi zinen?
Behin gai jartzen ari nintzen eta beheko batek esan zidan: "Orain bota hik". Jon anaia bertsotan ari zen eta hark ere "Entzun dok, ezta?". Hasi eta bukatu lehen bertsoa han bota nuen. Ondoren, Carmelo Cedrun Athleticeko atezainaren etxean bazkaldu genuen, eta bazkari osoan bertsotan isildu gabe.
Txapelketetan ere ibili zinen.
21 urterekin aurkeztu nintzen. Eskualdekoan Lopategik irabazi zuen, ni bigarren. Txapelketara joatekoa nintzen baina soldaduskara joan behar izan nuen. Lopategik irabazi zuen txapelketa hura. Hurrengo urtean Bizkaiko finalera heldu nintzen. Baina asko sufritzen nuen txapelketan. Mahai inguruan erraz egiten nuen, baina txapelketan azpiko oholak ihes, ideiak ere etorri eta ihes.
Nola ezagutu zenuten elkar andrea eta biok?
Areatzako festetan, dantzan hasi eta izena galdetu nion: Abelina. "Zu Abelina eta ni Abel, gaurtik aurrera Abelena!". Ezagututakoan mundua aldatu zitzaidan. Lanetik nekatuta etorri, eta esaten banuen "ez daukat gogorik horra edo hara joateko, bertsotarako edo bestela", eta berak "joan egin behar da". Beti elkarrekin.
Eta Arabara etorri, nola?
Talde bat geneukan baserriaren aldeko borroka egiteko, baina ez zegoen lurrik, dena garesti, eta Kepak Abornikanon topatu zuen errota hau. Bost lagun etorri ginen ilusio handiz borrokarako gune bat sortzeko asmoz. Baina lanak, dirurik ez, eman zizkiguten ostiak... Batzuek ihes egin eta anaia eta biok geratu ginen. Baserri borroka herri borrokarekin txertatu nahi genuen, baina politikoki diferentziak sortu ziren, ideologikoki talka handiko sasoia izan zen.
Baserria kulturarekin lotzen zenuten?
Bai, euskara irakasten hasi ginen, dantzak... Izarran bi talde izan nituen. 1994an omenaldia egin zidatenean sorpresaz harrapatu ninduten, eta taldekoek dantza egin zuten berriz ere, eta duela hiru urte Izarrako festetan berriz ere.
Eta baserrian?
Baserrian, 3.000 txerri gizentzen genituen, 70 haragi behi, 27 hektarea erosi genituen etxe honetarako. Baina politikagatik arazoak izan genituen Fundazioarekin (Errotako jabea), eta laguntza ukatu ziguten...
Nolakoa zen orduko Urkabustaiz?
Gu euskaldun hutsa zen herri batetik erdal herri batera etorri ginen. Txoke bat. Apurka-apurka joan nintzen galtzen bertsoarekiko lotura.
Arabara etorri eta berehala, atxilotu gintuzten, espetxetik aterata inguruko batzuk hurbiltzen hasi ziren euskararekin interesaturik.
Euskara eskolak ematen hasi zineten, ezta?
Hona etorri aurretik, gizarte-eskolak egin genituen Rikardo Arregirekin, AEK-ren aurretikoak, euskaldunak alfabetatzen ibili ginen gure inguruan. Euskaltzain laguntzaile egin ziren Kepa eta Rikardo, Euskaltzaindiaren izenean alfabetatze hori egin ahal izateko. Arabara etorri eta berehala, atxilotu gintuzten, espetxetik aterata inguruko batzuk hurbiltzen hasi ziren euskararekin interesaturik. Izarran hasi euskalduntzen, eta han tokirik ez zegoenean hemen etxean bertan.
Eta Araban bertsolaritza?
Gasteiztik etorri zen kuadrilla bat, bertso eskola egin nahi zutela. Niri bertsotarako gogoa berpiztu zidaten. Aiaraldekoak UEUko ikastaro bat eginda zeuden Amurizarekin, eta haiek ere orduan hasi ziren. Umeekin 1983an hasi nintzen eskola eta ikastoletan, Aldundiaren bidez.
Nolako harremana izan zenuen administrazioarekin?
Hasieran, Diputazioarekin gustura lan egitekoa, gero Jaurlaritzara aldatu gintuzten. Lehen bi urteak ondo, baina sailburuak aldatu ziren eta okerrago, ez zegoen eredurik, jarraikortasunik... Egun batzuetan 200 kilometro baino gehiago egiten nituen, eta Jaurlaritzak kilometrajea kendu zidan, eta soldata harekin bidaiak ordaintzeko ere larri. Hezkuntza sozialisten esku jausi zenean baldintzak okerragotu ziren, gero EA sartu, eta gauza batzuk berreskuratu ziren.
Guri hemen euskaraz egiten digute askok, 40 urtetik beherako denek dakite, baina gero beraien artean erdaraz. Administrazioak ere ez du hartu euskara herria egiteko tresna bezala.
Nola ikusten duzu euskararen egoera?
Hemen etorri ginenean baino hobeto, baina ZIUtik atera gabe. Euskaldun askok ez dute erabiltzen, ez dute beraien tresna bezala baloratzen. Guri hemen euskaraz egiten digute askok, 40 urtetik beherako denek dakite, baina gero beraien artean erdaraz. Administrazioak ere ez du hartu euskara herria egiteko tresna bezala. Zer pasatzen da Ertzaintzan, Osakidetzan? Hizkuntza koofizial bat da.
Eta bertsolaritza?
Loraldi batean dago. Araban oso ondo ikusten dut, eta Euskal Herrian ere bai, harrigarria da nola prestatzen diren gazteak gaur egun, ni inoiz ez nintzen prestatu.
Eta kultura?
Alea oso ondo ikusten dut, oso gustura irakurtzen dut. Bestalde, gaur egun liburu pila bat idatzi eta banatzen dira, baina zenbat irakurtzen dira? Hizkuntza bakoitzak badu bere kultura, bere pentsatzeko unibertsoa, baina zenbat jendek bizi du hori horrela? Gauza asko egiten dira aspaldi, baina ez dakit aurreratzen ari garen. Ze laguntza dauka kulturak? Orain pandemia honen arabera ikusi da nola bizi den kultura, non geratu den. Administrazioak ez du aski egiten, baina geu ere zenbat gara euskara kultur hizkuntza izatea nahi dugunok? Asko bagina behartuko genituzke instituzioak, baina gehiengoak ez du bizi hizkuntza herri kultura bezala.