Hautetsontziak zabaldu bezain azkar hasi ziren herritarrak mahaietara gerturatzen. Ohikoa den moduan, eguerdira bitartean jaso ziren bozka gehienak; arratsaldean, bakar batzuk baino ez ziren joan.
Hautetsontzietara ez, baina asko izan ziren herri batean zein bestean prestatutako askotariko ekintzetan parte hartu zutenak. Izarran, esaterako, Mikel Markez musikariaren kontzertua izan zuten.
Aurreikusi bezala, 20:00etan itxi zituzten mahaiak. Urduritasuna sumatzen hasi zen orduan bi udalerrietako herritarren artean. Emaitzak ezagutu nahi zituzten etxeratu aurretik.
Urkabustaizen, %36,2
Orokorrean, pozik joan ziren entzundakoarekin. Urkabustaizen, 394 lagunek (%36,2) eman zuten botoa: 372 (%94,4), baiezkoaren alde izan ziren; 17 (%4,32), kontra; eta 5 (%1,28), zuri. Legution zertxobait baxuagoa izan zen partaidetza; guztira, 484 (%32,29) boto jaso ziren: 439 (%90,7), erabakitzearen alde agertu ziren; eta 35 (%9,07), kontra. Horrez gain, bosna zuri eta baliogabeko ere izan ziren. Legeak hala aginduta, zenbaketa egin ostean, bozkak erre zituzten bi udalerrietan.
%30eko "muga psikologikoa"
Herritarrak ezezik, prozesua aurrera ateratzen buru-belarri ibili direnak ere pozik agertu dira. Legutioren eskuko kide Gidor Bilbaok esan du "alde guztietatik" izan dela positiboa: "Batetik, egokia izan da bidea: iritzi ezberdinetako legutioarrak proiektuan elkartu gara eta gauzak elkarrekin egiten ikasi dugu; hori geroko geratuko da". Partaidetzari dagokionez, herri mugimenduko ordezkariek uste zutenaren "inguruan" ibili dela aipatu du, %30eko "muga psikologikoa" gainditzea lortu dela azpimarratuz.
Urkabustaizen ere oso balorazio ona egin dute, "egindakoagatik", batetik; eta lortutako "partaidetzagatik", bestetik . Bausaudeko Iñaki Incerak aipatu du "baldintza zailetan" ere, lortu dutela gizartea mugiaraztea eta "beste urrats bat" ematea. Bestetik, Gasteiz edo Aiaraldeko jendea etorri izana ere eskertu zuen. Legutiok, berriz, aramaioarrak eta otxandioarrak hartu zituen bereziki; azken hauek ere galdeketa prestatzen dabiltza.