Otsaila amaieran amaitu zituzten Maider Martinezek eta Asier Ordoñok Arantzazuko Gomiztegi baserrian egindako ikasketak; artzain moduan jarduteko prestakuntza jaso dute han. Ikasitakoarekin pozik badaude ere, ikasturtea "motz" geratzen dela eta sei hilabetekoa beharrean, urtebetekoa izan beharko litzatekeela nabarmendu dute biek, "ardien ziklo osoa" gertutik ezagutu ahal izateko. Esku artean dituzten proiektuen berri ere eman dute datozen lerroetan.
Zergatik sartu zineten Artzain Eskolan?
Maider Martinez: Legution dugun baserrian artalde txikia dugu; hasiera batean, kentzekoa zen; baina, etorkizunera begira, kendu beharrean, handitzea erabaki dugu. Artzain Eskolan izena ematea izan zen hurrengo pausua; lanbidea ikastea da logikoena. Etxean ikusitakoarekin zerbait ikasi dut, baina jakintza gehiago behar nuen artzaintzaren munduan murgiltzeko.
Asier Ordoño: Nik Arkautin nituen aurretik ikasketak eginak; hango praktikak Sakanan egin nituen ardi latxez osatutako artaldearekin. Lau hilabete eman nituen bertan, artzainekin bizitzen. Asko gustatu zitzaidan, zerbait piztu zitzaidan barrenean: eta hori dela eta, Arkautiko eskolako kide batekin animatu nintzen Gomiztegira joaten.
Dagoeneko titulua eta, modu sinbolikoan, hurritz makila jaso dituzue. Baina, zelan joan dira eskolak?
M. M.: Oso ondo, baliagarriak izan dira. Alde teorikoa eta praktikoa jorratu dugu, tartekatuta.
A. O.: Trinkoa izan da ikasturtea; egun osoko eskolak izan ditugu, teoria lantzen genuenean bai behintzat. Moduluka bezala egin dugu kurtsoa. Aste batean teoria lantzen genuen eta hurrengoan praktikak genituen.
M. M.: Denetarik ikasi dugu. Saio teorikoetan, esaterako, fitoteknia, artaldearen elikadura eta maneiua, ugalketaren eta hautaketaren maneiua, marketina eta merkaturatzea, kudeaketa tekniko-ekonomikoa edo gazta eta bestelako jakien elaborazioa.
A. O.: Praktikei dagokionez, Gomiztegi baserrian egin ditugu batzuk, oso gutxi; gehienak artzain profesionalen baserrietan.
Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 98. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.