alea.eus

Legutioren Esku Dago adierazpenaren argazkia atera dute

Mirian Biteri 2017-03-08 12:30   Politika  Gorbeialdea  Legutio

Araban, Aramaioren ostean, Legutiok erabakiko du maiatzaren 7an. Eguna heldu bitartean, askotariko ekintzak dabiltza antolatzen udalerrian; azkena, larunbatean.

Iritzi, izaera, jatorri, ideologia eta bizimolde ezberdinak dituzten legutiorrak elkartu zituen pasa den larunbatean Legutioren Esku Dago dinamikak. Talde argazkia atera zuten kultura etxeko atzeko begiratokian maiatzaren 7ko herri galdeketari babesa emanez.

Dagoeneko hiru urte inguru daramatza herritar talde batek erabakitzeko eskubidearen alde lanean; hain justu ere, Gure Esku Dago Euskal Herriko erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak Durango eta Iruñea arteko giza katea antolatzeko deialdia egin zuenean hasi zen elkartzen.

Katearen ostean "zerbait gehiago" egin beharra zegoela "argi" zuten Legution, eta, horren bueltan, Euskal Herri mailan zein inguruko herrietan egin diren askotariko ekintzetara joaten ahalegindu dira. Horrez gain, orain dela urtebete hartu zuten herri galdeketa egiteko erabakia.

Horrekin lotuta, baikor agertu da Legutioren Esku Dagoko kide Josune Agirre Astola: "Gogoa daukagunok hasi behar gara herritarrak mugitzen, eta nik uste dut jendea animatu egingo dela; berdin du independentziaren alde egotea edo ez, garrantzitsuena parte-hartzea da. Legutioko biztanleei galdetzea gura dugu etorkizunean herri gisa Euskal Herria zer izatea gura duten, erabakitzeko eskubidea Legutio, Elosu, Urrunaga, Goiain eta Urbinaren esku ere badagoela sinisten dugulako. Ea gizartea zerbait aldatzen den".

Sinadurak batzen

Hilabeteak eman dituzte galdeketa egin ahal izateko "izapide guztiak" betetzen eta herritarrak mugiarazteko ekimenak antolatzen. Otsailaren 10ean, esaterako, berbaldia eskaini zuten Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Gure Esku Dago ekimeneko eledun Angel Oiarbidek. "Azken esprintean murgilduta gaude dagoeneko. Sinadurak batzen hasita gaude; otsailaren 1ean ekin genion biltzeari eta martxoaren 15era arte sinatu ahalko da", azaldu du legutioarrak.

Legution, berez, 150 sinadura inguru behar dira kontsultak aurrera egiteko; hain zuzen, udalerriko biztanleriaren %10a jaso behar da. Pozik daude orain arte jasotako erantzunarekin, aspaldi gainditu egin zen-eta esandako kopurua. Eta larunbateko Legutioren Esku Dago adierazpenaren argazkia atera ostean ere jende asko gerturatu zen martxan jarritako prozesuari babesa ematera.

150 lagunetik gora

Ekimen polita izan zen pasa den astekoa; hitzordua 13:00etan eginda bazegoen ere, lehenagotik herriko kaleak girotzen ibili ziren trikitilariak eta txistulariak. Eguraldiak larregi lagundu ez bazuen ere, jendea ez zen kikildu eta asko izan ziren kultura etxeko atzeko begiratokian agertu zirenak, askotariko legutioarrak: udalerriko herri eta auzo guztietatik iritsitakoak, umeak, erretiratuak. Horiei guztiei, gainera, txingorra gehitu behar zaie, irudia ateratzeko orduan agertu zen eta.

Boluntario bila

Jarraian sinadurak batzeari ekin zioten, eta baita maiatzaren 7ko mahaietarako mahaikideak zein aurrerantzean egingo diren ekintzetarako boluntarioak bilatzeari. "Herria mugiarazi nahi dugu eta horretarako jendea behar dugu. Hamar lagunekin ez duzu udalerri guztia mugitzen. Hortaz, boluntarioak eskatzen ditugu", azaldu du Agirre Astolak. Legutiokoen laguntza izateaz gain, inguruko udalerrietatik ere boluntarioak etorriko direla iragarri du, hala nola, Otxandiotik, Aramaiotik eta baita hiriburutik ere.

Herritarrak mugiarazteko ahalegin horrekin lotuta, udalerriko eragile ezberdinekin ere harremanetan jarri dira helburu zehatz batekin: bideoklipa grabatzea. "Nahiko" aurreratuta dagoela jakinarazi du: "Sekulako lana da baina bagabiltza apurka. Legutioren Esku Dagoko taldekide batek leloa egin du, eta bertso eskolako beste bat abesti osoa egiten ari da orain; eta Urrunagako albokari bat ere badugu proiektuan parte hartzeko gertu. Kantua amaituta dagoenean, trikitilariekin elkartuko gara, eta ikus-entzunezko ikasle baten laguntzarekin bideoklipa egiteko asmoa dugu. Ilusioa dugu, eta, hortaz, aurrera ateratzeko gai izango garela espero dut".

Maiatzaren 7ra begirako intentzioen berri ere eman du. Legutio herrian egun osoan egongo da parte-hartzeko aukera, eta udalerriko gainerako tokietan mahai ibiltari bat jarriko dute. Eguna jai giroan ospatuko dela ere aipatu du, eta ekintzak Legution egingo direla. "Oraindik ere ez dugu pentsatuta zehatz mehatz zer egongo den; hori zehaztea izango da hurrengo pausua", azpimarratu du.

Galdera, "denon artean"

Zeregin horrekin batera,  kontsultan egingo den galdera ere adostu beharko dute: "Guk dagoeneko badugu proposamen bat, baina hori ere herritarren artean zabalduko da, denon artean erabakiko den zerbait da", adierazi du.

Agirre Astolak gogorarazi nahi izan du astero elkartzen direla udaletxe ondoko euskara gelan; ostegunetan, 19:30ean egiten dituzte batzarrak. Bertaratzeko gonbita egin du oraindik ere asko dutelako egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa