alea.eus

Murgiako kaleetan entzun daitezkeen elkarrizketen %5,8 dira euskaraz

Mirian Biteri 2017-01-28 08:03   Euskara  Gorbeialdea  Zuia

Urrian euskararen erabileraren gaineko neurketa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak, Zuiako Udalak hala eskatuta.

Datu esanguratsuak utzi ditu euskararen erabileraren inguruan pasa den urrian Zuia aldean egindako azterketak. Hain zuzen ere, behatutako hiztun kopuru osotik, %5,8ak euskara erabili zuela islatu zuen; %93,5ak egin zuen gaztelaniaz eta %0,4ak euskara eta gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat aukeratu zuen.

Soziolinguistika Klusterrak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, lauzpabost urtean behin egiten du euskararen kale erabileraren neurketa. Euskal Herriko 5.000 biztanletik gorako herri guztietan egiten da eta hortik beherako batzuetan ere jasotzen dira datuak. Dagoeneko 25 urteko ibilbidea duen arren, Zuian urrian egin zen lehenengo aldiz, bertako Udalak hala eskatuta.

622 elkarrizketa

Murgian egin zen neurketa iazko urriaren 5etik 23ra bitartean. Bi astegunetan eta bi asteburutan jaso ziren datuak, goizez zein arratsaldez; denera, 20 orduz ibili ziren neurtzaileak kalean gora eta behera. Denbora tarte horretan, guztira, 622 elkarrizketa behatu ziren, eta horietan solaskide izan ziren 1.763 herritarrek osatu zuten lagina.

Esan bezala, Murgiako toki jendetsuetan izan ziren, hala nola, Udaletxe Plaza zein inguruko okindegi, tabernak, botika edo harategietan; Domingo  de  Sautu errepidea zeharkatu eta Bea Murgia plaza ere bisitatu zuten, eta baita San Martin kalea eta kiroldegia ere.

Neurketa egiteko erabilitako teknika "behaketa zuzenarena" izan zen. Hain justu ere, neurtzaileek, ezer galdetu gabe, Murgiako kaleetan topatzen duen jendeak darabilen hizkuntza jasotzen da. Teknika horren abantaila azpimarragarrienetakoa da neurtzaileek  hiztunaren joera naturala  jasotzen dutela, datuen  subjektibotasuna saihestuz eta emaitza  fidagarriagoak lortuz.

Gazteen artean gehien

Adinari dagokionez, 15 eta 24 urte bitarteko gazteak izan ziren euskara gehien erabili zutenak (%7,8). Jarraian, haurrak (%7); 25 eta 60 urte bitarteko helduen artean %6 izan zen kopurua, eta adin horretik gorakoen artean, berriz,%1,7.

Adierazgarria da, aldi berean, haurren presentziaren araberako kale erabilera: umeak, heldurik gabe, elkarrekin daudenean edo helduak umerik gabe daudenean, erabilera oso baxua da; baina umeak eta helduak nahasian daudenean, aldiz, %17raino igotzen da euskararen erabilera.

Sexuaren araberako datuei erreparatuta, neurketak dio emakumezkoak direla euskara gehien erabiltzen dutenak: %6,7. Gizonezkoen artean, %4,9k baino ez du esandako hizkuntza erabiltzen.

Gorbeialdean, %13,8

Bestalde, emaitza orokorragoak ere jaso ditu esandako neurketak. Hain zuzen, Gorbeialdeko Kuadrillakoa. Kasu horretan, %13,8ak erabili zuen euskara; %84,3ak gaztelania eta %1,9ak beste hizkuntzaren bat.

Zigoitia eta Urkabustaiz

Gorbeialdekoa ez ezik, ondoko herrietako emaitzen berri ere ematen du txostenak; zehazki, Urkabustaiz eta Zigoitia udalerrietakoak. Bigarrenean, euskararen kale erabilera %16,7koa eta Urkabustaizen 17,8koa dela ondorioztatu dute neurketa egin ostean.   

Soziolinguistika Klusterrak egindako txostena osotasunean ikusteko interesa duenak eskuragarri du Zuiako Udaleko webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa