Azken hamarkadan semeak zaintzen egon ondoren, Marga Pesosek ez zuen berriro enpresa pribatuetara administrazio eta finantza-lanak egitera itzuli nahi. Horregatik, eguzkilorearen magiaz eta gure kulturan duen esanahiaz maiteminduta, berari eta bikotekideari duela bi urte etxe ondoan duten lursail batean eguzkiloreak landatzea bururatu zitzaien. "Elosun bizi garenetik lurraz gozatzeko aukera izan dut, eta hemendik aurrera ere horrela bizitzen jarraitu nahiko nuke", adierazi du ekintzaileak.
Ametsa errealitate bilakatu eta joan den abenduan Maghú markapean enpresa jarri zuten martxan, eta momentuz harrera ona izan duela gogoratu du: "Jendeak proiektu honen berri duenean oso ongi hartzen du, askok landarea nahi dutelako baina nola edota non topatu ez dakitelako".
Hasiera batean lore lehorra edota haziak saltzeko asmoa zuten soilik, baina eguzkilore batek jaio eta ongi hazteko bi urte behar dituenez, denbora horretan landarea aztertzen egon dira, eta besteak beste, liseriketari laguntzeko edota larruazala zaintzeko ere balio dutela konturatu dira. Hori dela eta, landarea saldu ez ezik, dermatitisa tratatzeko kremak, sustraietatik ateratako likorea edota, eguzkilorearen haziaren forma dituzten bitxiak ere salduko dituzte.
Udarako 500 landare inguru prest izatea estimatzen dute, baina uzta jaso aurretik beste 1.000 lore landatzeko asmoa dute. "Landarea oso erraz jaiotzen da, inolako zainketa berezirik behar ez duelako, baina birlandatzerako orduan kontu handiz ibili behar da sustraiek asko sufritzen dutelako".
Salmentei dagokienez, maghu-eguzkilore.com webgunearen bidez egingo dituzte, baina otsaila bukaera arte ez dute plataforma guztiz prest edukiko.
Hasiera zailak
Hasierak ez dira ezarrak izan, aitortu duenez, bidean topatu dituzten oztopo burokratikoak tartean. "Pena bat da, baina enpresa berri bat martxan jarri nahi duzunean ez dizute inolako laguntzarik ematen. Dena zailtasunak izaten dira, eta herri txiki batean bizitzeak ere gauza hauek okertzen ditu. Noski, azkenean traba hauek guztiek duzun ilusioa kentzen dizute", adierazi du Pesosek.
Oztopoak oztopo, aurrera jarraitzeko gogoz daude. "Gure leloa zaindu maite duzun hori da, hortaz, proiektu honetaz gozatu nahi dut nire familiarekin batera".