Palestinari elkartasuna adieraziko diote hilaren 16ko jaialdian

Erredakzioa 2024ko mai. 8a, 18:16

Besteak beste, La Furia izango da da hilaren 16ko kontzertuan. Argazkian: La Furia

Amparo Sanchez, Chiki Lora, La Furia eta Iskanbila taldeak arituko dira Jimmy Jazz aretoan.

Sanitarioak Palestinarekin kolektiboak sustatuta, elkartasun kontzertua antolatu dute maiatzaren 16an. Amparo Sanchez, Chiki Lora, La Furia eta Iskanbila taldeak bilduko ditu Jimmy Jazz aretoak, 20:00etatik aurrera. "Musika gaur egun palestinarrak jasaten ari diren genozidio egoera larria salatzeko sentsibilizazio eta kontzientziazio tresna garrantzitsua izan daitekeela uste dugu", adierazi du taldeak ohar batean.

Kontzertuaren helburua Palestinako herriari elkartasuna adieraztea da, eta Israelen ekintzen ondorioz Gazan eta Zisjordanian eragindako krisi humanitarioa salatzea, azaldu dutenez. "Garbiketa etnikoa ez zen urriaren 7an hasi, duela 76 urte baino gehiago baizik, eta estatu sionistaren okupazioak itxaropenik gabe utzi ditu palestinarrak hamarkada askotan. Pobrezian bizi dira, baliabiderik gabe eta armadaren eta kolonoen indarkeriaren mende".

Gizarte zibilak, ekintza sozialen, salaketen, boikoten eta protesten bidez, "Israel geldiarazi eta bere ekintzen erantzule egitea" lortuko duela uste dute. "Giza eskubideen aldeko" arratsalde horretan parte hartzeko deialdia egiten diete herritarrei, eta mezua zabal dadin eskatu. "Zure ahotsa eta zure presentzia Gazan eta Zisjordanian sentituko dituztelakoan, Gora Palestina Libre!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide