Gasteizko udal gobernuak euskararekin lotuta dauden erronkak definitu berri ditu Aroa izeneko Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin batera. Sail edo arlo bakoitzean udalak eta gizarte eragileek jorratzen dituzten ekintzak eta lan ildoak finkatu ditu, horrenbestez. Gaurtik eta 2028ra arteko plana da, eta honako jarduera esparruak izango ditu: arlo sozioekonomikoa, aisialdia eta denbora librea, hezkuntza, familia transmisioa eta helduen euskalduntzea.
"Herritarren beharrak detektatu ondoren, tresna horri esker, euskararen erabilera sustatzen duten ekintzak ezarri ahal izango ditugu. Erronka nagusietako bat da gazteei hezkuntza esparrutik kanpo hizkuntza garatzea eta haien hizkuntza gaitasuna hobetzea ahalbidetuko dien gune ludikoak eskaintzea", azaldu du Euskara zinegotzi Maria Nanclaresek.
Hurrengo lau urteotan Aroa plana ezarrita, beste hainbat neurriz gain, saltokiekin lan egitea eta migratzaileei arreta ematea ekarriko aurreikusi dute. "Justizia soziala da Plan berriak biltzen dituen balioetako bat eta baliabide gutxien dituzten pertsonengan izango du eragina bereziki", azaldu du Nanclaresek. Ekintza horiek Euskarako Udal Zerbitzuak udaleko gainerako sailekin, beste erakunde batzuekin, eta inplikatutako sektore guztietako gizarte erakundeekin batera landu eta jorratuko dituzte.