'Palestinako umeak gureak ere badira' lemarekin protesta deitu dute Gasteizko hainbat ikastetxek

Erredakzioa 2024ko api. 23a, 11:50
Lakuan martxoan egin zuten protestaren irudia. Argazkia: ALEA

San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra eta Lopez de Gereñu Ikastetxeak; Zabalgana eta Mendebaldea institutuak; ELA, LAB eta Steilas sindikatuak; eta Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataforma batu dira ekimenera.

Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinarekiko haurrekin elkartasuna adierazteko eta "Palestinako umeak gureak ere badira" aldarrikatzeko, protesta ekitaldia deitu du, hurrengo maiatzaren 10ean, 18:00etan, Gasteizko Foru plazan. Ekimena irekia dela azpimarratu dute, eta datozen asteetan atxikimendu gehiago jasotzea espero dute. Momentuz ikastetxeen zerrenda luzea batu da ekimenera, baita Mendebaldea eta Zabalgana institutuko hezkuntza komunitatea eta ELA, LAB eta Steilas sindikatuak.

"Uste dugu garaia dela erakusteko gasteiztarrok ez garela ezaxola Palestinako haurtzaroaren oinazearen aurrean, eta ez gaudela prest gure haurrek ankerkeria hau normaltasunez onar dezaten. Horregatik, kalera ateratzeko beharra ikusten dugu, datozen belaunaldiek jakin dezaten historiako alde zuzena aukeratu genuela", adierazi dute.

Palestinaren kontrako Israelen erasoa hasi zenetik, Gasteizko hezkuntza arloko hainbat eragilek mobilizazioak egin dituzte hiriburuan. 2023ko abenduan, esate baterako, Zabalgana auzoko hezkuntza komunitateak antolatutako ekimen batean, kandelekin SOS Palestina mezua osatu eta argazki masiboa atera zuten dozenaka ume eta familiak. Martxoan, berriz, Lakuabizkarra, Toki Eder, Barrutia, Abetxuku, Padre Orbiso, Ibaiondo eta Mendebaldea ikastetxetako hezkuntza komunitateak Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizatu ziren.

"Gasteizko hezkuntza komunitatetik kezka larriz ikusten dugu aurrekari historikorik gabeko egoera hau, eta uko egiten diogu normaltasunez onartzeari. Ezin dugu normaltasunez onartu gizatasuna bera kolokan jartzen ari den genozidio hau, eta haurrak hezteko lanetan ari garen aldetik, ezin ditugu hezi datozen belaunaldiak oinarrizko giza eskubideen urraketa nabarmen hauek normalak direlako ustetan". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide