Lehen sektoreak "borrokan" jarraitzen duela gogorarazi die UAGAk alderdiei

Erredakzioa 2024ko api. 18a, 17:29

UAGAko berrogei bat traktorek Gasteizko hiri erdia zeharkatu dute goizean. Hauteskundeen atarian, erantzunen zain jarraitzen dutela ohartarazi dute.

Lehen sektoreak borrokan jarraitzen duela gogorarazi die UAGA sindikatuak alderdi politikoei, Gasteizen, gaur goizean, egindako traktore martxan eta manifestazioan. Entzun diezaietela aldarrikatu dute, eta salatu dute orain arte nekazaritza eta abeltzaintza apenas agertu direla hauteskunde kanpainan. Berrogei bat traktorek, UAGAk deituta, Gasteizko hiri erdia zeharkatu dute, "politikariek nekazaritza eta abeltzaintzarekin duten sorgortasuna" salatzeko

"Hemen jarraitzen dugu, eta borrokan jarraitzen dugu", esan du Edurne Basterra UAGAko lehendakariak, eta salatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailak ez diela aurkeztutako aldarrikapenei erantzun. Gogoratu du, halaber, lehen sektorearen aurreneko eskaera hurrengo Eusko Jaurlaritzan Nekazaritza eta Abeltzaintza sail bat egotea dela, beste baten mende egon gabe.

UAGAk lehen sektorearen aldarrikapen sorta bat aurkeztu du astelehen honetan alderdi politiko guztien egoitzan, datorren legegintzaldiari begira. Eskaeren artean daude nekazaritza lurra zaintzea eta nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerak sustatzea, makroproiektu eolikorik edo fotovoltaikorik gabe; belaunaldien arteko erreleboaren aldeko apustua egitea; eta ekoizleei prezioak bermatzen dizkien elikadura katearen legea betearaztea. Era berean, despopulazioa saihesteko neurriak eskatu ditu nekazarien sindikatuak; eta Arabako Errioxaren eskualde garapeneko proiektu bat egitea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide