okupazioa

"Poliziaren jazarpena eta alderdi politikoen isiltasuna" salatu ditu GKS-k

Erredakzioa 2024ko api. 2a, 09:35

Larunbat gauerdian, Gasteizko Arkupeen kaleko etxe huts baten okupazioan, 25 lagunetik gora zauritu ziren, eta gazte bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Sei ertzain ere zauritu zirela esan du Segurtasun sailak.

Agerraldia jendetsua egin du GKS-k igandean Gasteizko Alde Zaharreko Arkupeetan izandako okupazioan jazotako gertakariak salatzeko. Erakundeko bozeramaileek azaldu dutenez, Ertzaintzak okupazioa eragozteko antolatutako operazioaren ondorioz, lau pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, 25 pertsona baino gehiago zauritu ziren, eta pertsona bat atxilotu zuten. "Poliziak modu ikaragarri bortitzean jo zuen euren kontra: borra-kolpeka eta sekulako indarkeriarekin, etxearen kanpoaldean zeuden lagunen kontra kargatu zuten ertzainek. Pertsona bat, gainera, lurrera bota eta atxilo eraman zuten. Jipoien ondoren alde egin zuen poliziak, eta etxe barruan jarraitu zuten hura protesta gisa birjabetu zuten gazteek". 

GKS-k argitu du Alde Zaharreko etxebizitzan sartu ziren gazteek bertan jarraitzen dutela, baina litekeena dela Ertzaintzak gazteak etxetik kaleratzeko joatea hurrengo orduetan edo egunetan. Beraz, "gazte horien defentsan egin daitezkeen deialdietara adi egotera" deitu du. Taldearen arabera, kasu honetan, Ertzaintzaren funtzioa argi geratu da: "Enpresarien ordena soziala eta jabetza pribatua defendatzea, kasu honetan, etxebizitza ondasun unibertsal izan dadin borroka egiten duten gazteak gogor jazarri"; eta gaitzetsi dute Ertzaintzak "biktima" bezala aurkeztu nahi izan duela: "Gazteok jipoitzea nahikoa ez eta, hainbat komunikabideren laguntzarekin, poliziak bere burua biktima bezala saldu du, nahiz eta argi dagoen beraiek direla jarrera oldarkorra eduki duten bakarrak", esan dute.

Sei ertzain zauritu dira

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak, berriz, "erabat gaitzetsi" ditu joan den igandean izandako liskarrak. Erkorekak salatu duenez, ertzainei "segada egin eta bortizki eraso zieten". Segurtasun sailaren arabera, sei ertzain zauritu ziren; horietatik bost bajan daude jasandako lesioengatik, eta bi polizia-ibilgailuri kalteak egin zizkieten, pneumatikoak zulatuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide