Agirrelandan ere aurretiko hitzordua izango da apiriletik aurrera

Erredakzioa 2024ko mar. 27a, 10:07
Telefonoz edo webgunearen bitartez eska daitezke hitzorduak. Argazkia: Gasteizko Udala

Apirilaren 2tik aurrera paratuko dute Gasteizko erdiguneko komisarian duten sistema.

Datorren asteartetik aurrera, Udaltzaingoaren Agirrelandako polizia-etxeak aurretiko hitzordua izango du salaketak aurkezteko; premiazko salaketak zuzenean egiteko aukera izango da, halere, orain arte bezala. Jose Erbinako komisarian otsailaren 12tik egiten dute aurretiko hitzordu bidez, itxaronaldiak saihesteko helburuarekin, eta esperientziak ondo funtzionatu duenez, hala eskainiko dute Agirrelandan ere.

Bi modutara eska daiteke aurretiko hitzordua: herritarrei arreta emateko 010 telefonoaren bidez edo www.vitoria-gasteiz.org/udaltzaingoa Udalaren webgunean sartuz. Hitzorduak egun batetik bestera eta bi komisarietako publikoari arreta emateko ordutegi barruan eskatu ahal izango dira: 07:00etatik 21:00etara (14:00etan egiten den txanda-aldaketako tartean izan ezik).

Urtarrilaren 23an zentroko komisaria martxan jarri zenetik, Udaltzaingoak 1.234 salaketa jaso ditu. Horietatik 1.051 Agirrelandan aurkeztu ziren, eta 183 zentroan. Jose Erbinan izapidetutako salaketetatik 54 delituei dagozkie, eta 129 delitu arinei. Azken horien artean, 73 lapurretak dira (hainbat, dokumentazioa, bizikletak, patineteak…), 14 iruzurrak eta 13 kalteekin lotutakoak, besteak beste. Agirrelandan jasotako salaketen artean, 456 delituei dagozkie, eta beste 595 delitu arinei. Azken multzo horretan nabarmentzekoak dira 184 ebasketa eta 149 galera; 61 bizikleten eta patinete elektrikoen ebasketa; 77 kalte eta 63 iruzur.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide