2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Seikotea prest Arabako Bertsolari Txapelketaren finalerako

Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 19:00

Larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian aurrez aurre izango dira Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu, Arabako txapela lortzeko lehian. Xabi Ricok jantziko dio irabazleari.

Heltzear da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finala. Larunbatean, martxoaren 16an, 17:30etik aurrera Gasteizko Principal Antzokian jokatuko da. Sei finalistak —Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Paula Amilburu— prest daude saio on bati eusteko; eta, bere aldetik, Xabi Ricok jantziko dio txapela seien arteko irabazleari.

Asteazken honetan finalaren aurkezpen ofiziala egin du Arabako Bertsozale Elkarteak, Principal Antzokian bertan, eta Patxi Aizpuruak aurkeztu ditu sei protagonistak:

AROA ARRIZUBIETA

2001. urtean jaiotako gasteiztarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko duela; izan ere, 2019an parte hartu zuen lehen aldiz. Seikoteko gazteena.

ASIER OTAMENDI

Urretxun 1971. urtean jaioa. Lau aldiz irabazi du Arabako txapela. Txapelketa Nagusian kantatu du.

IÑAKI VIÑASPRE

Abetxukukoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2019ko txapelduna.

MANEX AGIRRE

1982. urtean jaiotako aramaioarra. Bi aldiz eskuratu du txapela: 2011n eta 2015ean. 2013 eta 2022ko Txapelketa Nagusian kantatu zuen.

PERU ABARRATEGI

1997an jaiotako aramaioarra. Hirugarren aldia da finalean parte hartuko duela. 2022ko txapelduna.

PAULA AMILBURU

1994an jaiotako aramaioarra. Bigarren aldia da finalean parte hartuko duela.

Xabier Rico Iturriotzek jantziko dio txapela aurtengo irabazleari. Hain zuzen ere, Ricok ibilbide luzea du Arabako bertsolaritzan. Besteak beste, 1984an, Arabako lehen txapelketan parte hartu zuten bertsolarietako bat da. Ordutik egundaino, bertsolari, irakasle, epaile, gai jartzaile eta antolatzaile moduan aritu da. 2019ko kanporaketetan kantatu zuen azken aldiz Arabako Bertsolari Txapelketan. Prentsaurrekoan, Ricoren ibilbidea eskertu nahi izan dio Arabako Bertsozale Elkarteak, bai eta "Arabako bertsogintzak azken hamarkadetan egin duen bidea" goraipatu  ere.

Txapelaz gain, Arabako bertso eskoletako kideek banatuko dituzte beste sariak:

  • Aiaraldeko Bertso Eskola: Iñaki Cabeza.
  • Legutioko Bertso eskola: Pantxika Agirre eta Maialen Rolón.
  • Gasteizko Bertso Eskola: June Astegieta.
  • Arabako Errioxako Txandrio Bertso Eskola: Iker Olabarrieta.
  • Aguraingo Bertso Eskola: Borxa Sarasketa eta Oier Lopez de Gereñu.
  • Mendialdeko Bertso Eskola: Amaiur Garratzak.

Finalerako sarrerak erosteko hainbat aukera daude: Principal Antzokiaren leihatilan, telefonoz eta antzokiaren webgunean. Sarrera guztiak zenbakituak izango dira.

Informazio gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide