Memorian arakatzeko tartea, Zurrunbiloren eskutik

Erredakzioa 2024ko mar. 13a, 17:53
Itziar Manerok 'Memoria' lana aurkeztuko du. Argazkia: Itziar Manero

Antzerki dokumentala, memoria eta belaunaldien arteko harremanak izango ditu ardatz Zurrunbilo antzerki jaialdiak, martxoaren 20tik 24ra.

Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideak, urtero legez, ezinbesteko hitzordua du Gasteizen.  Zurrunbilo jaialdiaren edizio honetan, hilaren 20tik 24ra arte, arte eszenikoak etorkizuneko belaunaldiei hurbiltzen saiatuko dira, ardatz komun batetik abiatuta: artxiboa, antzerki dokumentala, memoria eta belaunaldien arteko harremanak.

Lehenengo hitzordua martxoaren 20an izango da, 19:00etan, EHUko Arabako Campusean. Mamiak Kolektiboaren eskutik, Ogiak hizketan baleki (Gasteiz 1835-1836: hiri okupatuaren kronika bat) kazetaritza performatibo proposamena eskainiko dute, Josune Velez de Mendizabal aktorea buru. Lanak Josefa de Mujikarengan jartzen du arreta, lehen karlistaldian soldadu ingelesek errugabetu zuten okinaren alargunarengan. Historiak emakume honi buruz utzi duen informazio faltaz eta bere irudia berrasmatzeaz ari da kontakizuna. Nola bizi ziren Gasteizen XIX. mende hasierako emakumeak? Nola bizi izan zuen Josefak berak tragedia hura, gerra hura? Zer zen berarentzat maitasuna? Eta desira? Justizian sinesten al zuen? 

Aurrerapen horren ondoren, jaialdiak Baratza aretoan jarraituko du. Martxoaren 22an, Ane Gebarak La deskarada aurkeztuko du, La Esther piezaren garapena, Zurrunbiloko aurreko edizioko dokumentazio tailerrean bere ibilbidea hasi zuen pieza oso pertsonala; gero Scratxe Gauean aurrerapen bat antzeztu zuen, eta hilabete batzuetako lanaren ondoren, azken emaitza ikusi ahal izango da. Bi belaunaldi desberdinetako bi emakumeren (artista bera eta bere amona) harremana ikertzen da eta gure arbasoekiko harremanaz eta gorputzen eraldaketaz hitz egiten digu. Denak gara gure arbasoen jarraipena, denok dugu iraganetik zerbait. Baina, zer geratzen zaigu guri, oraina bizi dugun hilkorroi? Hemendik eta gaurtik aurrera nola jokatu nahi dugun gure esku dago, edo ez?

Larunbatean, martxoak 23, programa bikoitza izango da: 18:00etan, Oier Guillanek EHAZEren (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) webgune berria aurkeztuko du: ganbila.eus, eta ondoren, Ander Lipusek Antzerkiaren labirintoan liburua aurkeztuko du. Itziar Manerok amaiera emango dio jardunaldiari Memoria lanarekin, oroimenari eta haren galeari buruzko antzezlan dokumentalarekin. Zer gertatzen da pertsona baten memoria galtzen denean? Nora doaz haren oroitzapenak? Zerekin geratzen gara ondorengoak?

Bukatzeko, martxoaren 24an, Metrokoadrokak itxiko du Zurrunbilo jaialdia Artxibo biluziak lanarekin, aurreko edizioan dokumentazio tailerrarekin hasitako zirkulua. Javier Barandiaran eta Intza Alkain protagonista dituen konferentzia performatiboa, dokumentu-antzerkia eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa. Joan Mari Torrealdai Euskaldunon Egunkariaren administrazio kontseiluko lehendakaria atxilotu zutenean, Poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten. "Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki", kontatuko zuen Torrealdaik beranduago.

Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako sarrerak salabaratza.com webgunean daude eskuragarri. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide