Montehermoso hartu du Alba Matillaren 'Santuario' erakusketak

Erredakzioa 2024ko mar. 12a, 18:13
Bideoa, fotogrametria eta pintura dira ardatz bere lanean. Argazkia: Gasteizko Udala

Ostiralean inauguratuko dute, eta apirilaren 14ra arte egongo da ikusgai Jovellanos aretoan.

Alba Matilla artistak Santuario obra inauguratuko du ostiral honetan, Montehermoso kulturunean. Apirilaren 14ra arte izango da Jovellanos aretoan. Matilla Arte Ederretan graduatua da Vigoko Unibertsitatean, eta Cracoviako Arte Ederretako Akademian egindako ikastaro batean pintura-espezialitatea landu zuen. Kudeaketa kulturalaren arloan lan egin ostean, arte garaikidearekin lotutako Ikerketa eta Sorkuntza Masterra hasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Han hasi zen bideo eta pintura arloko lanak 3D diseinuko softwarrekin bateratzen.

Masterra amaitutakoan, 2023an, 3D mekaniken arloko prestakuntzarekin eta masterrean sortutako paisaia birtualaren eta paisaiaren fisikoaren dialektiken inguruko ikerketarekin lanean jarraitu du. Hala, hondakinak, memoria industrialaren kontserbazioa eta mundu digitalean pintura egiteko modu berriak izan dira landu dituen gai nagusiak. Bere lanean, ardatz nagusia da desindustrializatutako eremuetako paisaia eta bertan bizi direnen nortasunean horrek duen inpaktua.

Hala, ikerketa geografikoko eta kulturaleko tresna gisa artea erabiltzen du eta funtsezko hiru arlo jorratzen ditu: bideoa, fotogrametria edo 3D eskaneatzea, eta pintura. Bere lana erakusketa kolektibo askotan eta arte garaikideko jaialdietan egon da ikusgai hainbat hiritan. "Alba Matillak pintura ikus-entzunezkoen eta 3Daren munduarekin bateratzen ditu, paisaiekin eta objektuekin jolas eginda. Horri guztiari esker, beste norabait garraiatzen zaituen eta bidaian eramango zaituen oso espazio interesgarria sortzen da", adierazi du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Diaz de Corcuerak. "Hauxe izango da artista honek egindako lehen erakusketa indibiduala eta hemen, Gasteizen, arte garaikidearen etxean, Montehermoson, izateko zortea dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide