Eva Menak Zaramagako haur eskola apaintzeko horma-irudia egin du

Erredakzioa 2024ko urt. 31a, 10:30

Eva Mena artistaren eskutik, hezkidetzarekiko konpromisoa erakusteko eta berdintasunean hezteko beharra aldarrikatzeko mural berria estreinatu du Zaramagako udal haur eskolak.

0 eta 3 urte bitarteko umeak hartzen dituen Zaramagako udal haur eskolako fatxadan horma-irudi bat margotu du Eva Mena artistak (Bilbo, 1978). Udalaren Haur Eskolen Sareko Hezkidetzako Plan Gidariaren (2023-2030) barruko proiektua da, eta bi helburu nagusi ditu: "Alde batetik, eskolak hezkidetzarekin lotuta duen konpromisoa erakustea; eta, bestetik, handik igarotzen diren eta horma-irudia ikusten duten guztiak sentsibilizatzea neska-mutilak berdintasunean hezteko beharraren inguruan", azaldu du Udalak.

Muralak fatxadako lau laukizuzen betetzen ditu; eta bakoitzak 2,7 metroko altuera eta 2,25 metroko zabalera du. Marrazkian ume bat ikusten da loreak ureztatzen, zeru urdina atzean duen larre batean. Uraren ordez, "indarkeria zero", "berdintasuna", "errespetua", "hezkidetza" eta "aniztasuna" hitzak ateratzen dira ureztaontzitik. Horri esker loratzen dira kolore biziko landareak.

Eva Mena Arte Ederretan lizentziatua da, eta 20 urte baino gehiagoko eskarmentua du mundu osoan zehar horma-irudiak egiten; besteak beste, Marokon, Brasilen, Palestinan, Frantzian, Egipton, Erresuma Batuan edo Norvegian topa daitezke bere lanak. Horrez gain, konferentzietan, ikastaroetan, tailerretan eta bestelako ekitaldi batzuetan trebatzailea ere bada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide