Duela 26 urte eta erdi, 1997ko uztailaren 10ean, ETAk Miguel Angel Blanco Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzia bahitu zuen, Espainiako Gobernuari 48 orduko epean euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara hurbiltzea exijituz. Handik bi egunera, uztailaren 12an, tirokatu eta hil egin zuten.
Azken urteetan biktimen elkarteek aldarrikatutako omenaldia egin nahi izan dio orain Gasteizko Udalak. Izan ere, gaur inauguratu dituzte Miguel Angel Blanco lorategiak, Txagorritxu auzoan, Europa Jauregiaren atzean, Txile, Bolivia eta Argentina kaleen arteko parkean. Espazio berria ofizialki inauguratu eta Gasteizko kale izendegian sartzeaz gain, omenaldi ekitaldi bat egin dute bertan.
Maider Etxebarria alkateak eta Cristina Cuesta Miguel Angel Blanco Fundazioko presidenteak Blancoren omenezko plaka desestali dute. Ekitaldian Arabako zein Gasteizko erakundeetako ordezkariek eta ordezkaritza duten alderdi guztiek parte hartu dute; horien artean zeuden, besteak beste, Espainiako Gobernuaren ordezkari Denis Itxaso eta Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez.
"Oroimenerako eskubidea"
"Biktimak ahaztuko ez dituen Gasteiz eraikitzearen" alde agertu da Etxebarria, alkatetza eskuratu zuenean bere gain hartutako konpromisoa bete duela azpimarratuz. "Ez lirateke inoiz ahanzturan geratu beharko; izan ere, hori bigarren aldiz hiltzearen moduko zerbait izango litzateke, sekula gertatu beharko ez lukeena".
Horrez gain, "egiarako eta fanatismoagatik etenda geratu ziren horrenbeste bizitzaren oroimenerako eskubidea" aldarrikatu du alkateak, ETAren biktimak oroitzeko beste ekintza batzuk garatuko dituztela iragarriz. Besteak beste, datozen asteetan hasiko dira ETAk Gasteizen hildako pertsonak oroitzen dituzten plakak ordezkatzen: "Plaka berriek orain kontatzen ez dutena azalduko dute: ETAk erail zituela pertsona horiek".
Bestalde, Etxebarriak gogorarazi du udala Forondako Atean dagoen Agustin Ibarrolaren monumentua hobetzeko lanean ari dela. Oraingoz, argiteria berria jarri dute, eta laster multzo eskultorikoaren testuingurua jasoko duen plaka bat jarriko dute.