Udaltzaingoaren komisaria berria urtarrilaren 23an irekiko dute

Erredakzioa 2024ko urt. 17a, 11:30

Dena prest dago Gasteizko Udaltzaingoaren Jose Erbina kaleko polizia-etxe berriaren ateak irekitzeko. Eraikina egokitzeko 500.000 euro inguruko inbertsioa egin du udalak.

Urtarrilaren 23a izango da Gasteizko Udaltzaingoaren komisaria berriaren inaugurazioa. Dena prest dago jada jarduerari ekiteko, eta egoitza horretara esleitutako langile gehienen lekualdaketa egunotan egiten ari da. Baina egun horretan, datorren asteartean, lehen aldiz irekiko dizkiete ateak herritarrei, eta ordutik aurrera salaketak jarri ahal izango dira bertan.

Udaltzaingoaren bulegoen eraikin berria Jose Erbina kalean dago, tren geltokiaren parean. Egoitzak 700 metro koadro baino gehiagoko azalera eta hiru solairu ditu. Bertan izango dira, besteak beste, herritarrei arreta emateko eremua —salaketak jasotzeko eta poliziaren administrazio izapideak egiteko—, Kudeaketa eta Plangintza Unitatea eta Administrazio Poliziaren atala. Hogei udaltzain inguru egongo dira egoitza berrian, eta, horrela, Agirrelandako bulego nagusietako espazioa liberatuko dute.

Polizia-etxe berria jasoko duen eraikina birmoldatzeko egokitzapen lan ugari egin dituzte, nagusiki barneko guneak birbanatuz eta bulegoak, aldagelak, armairuak eta zerbitzu osagarriak egokituz. Horrez gain, kanpoaldean ate eta leiho berriak, eskalatu ezin diren itxiturak eta segurtasunezko kristalak jarri dituzte. Berregokitze lanak amaituta, eraikineko ekipamenduarekin lotutako lanak egin dituzte, eta aste honetan bertan amaitu dute fatxadaren kanpoko errotulazioarekin. Gasteizko Udalak 500.000 euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izan du horretarako.

"Segurtasunarekin lotuta gobernuaren konpromisoetako bat da gero eta gertukoagoa eta kalitate handiagokoa den zerbitzua eskaintzea", adierazi du Segurtasun zinegotzi Iñaki Gurtubaik. "Eta helburu hori gogoan ireki dugu egoitza berria Gasteizko erdigunean. Polizia-etxe honi esker, inguruan sortzen diren beharren aurrean udaltzainen erantzuteko denborak hobetu egingo ditugu, eta herritarrek egin beharreko kudeaketa lanak erraztu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide